Beñat Lizaso Muxikari eta euskal selekzioko kideei harrera egin diete Argentinan

Noaua Aldizkaria

Abiatzear dute Euskal Pilotako Munduko Txapelketa. Euskal selekzioak estreinakoz parte hartuko du oraingoan; tartean, izango da Beñat Lizaso Muxika usurbildarra. Argentinan dira, bertan harrera egin berri diete.

 

"Argentinan dago gure Euskal Selekzioa!", hala jakinarazi du Euskadiko Euskal Pilota Federazioak. Dakizuenez, urriaren 15etik 24ra Argentinan eta Uruguain Euskal Pilotako Munduko Txapelketa jokatuko da. Estreinakoz, euskal selekzioak parte hartuko du. "41 jokalari, 13 modalitate eta hainbat domina etxera ekartzeko gogoa!", halaxe daudela jakinarazi dute Federaziotik. Tartean da, usurbildar bat; Beñat Lizaso Muxika.

Dagoeneko Argentinan dira. 2027an 150 urte beteko dituen Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxearen trinketan egin diote harrera azken orduotan euskal selekzioari. "
Indartuta atera gara egindako agur ederrean. Gora Euskal Selekzioa!", adierazi du Euskadiko Euskal Pilota Federazioak sare sozialen bidez.

Bertan izan dira, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, Jose Mari Mitxelena Euskal Pilota Federazioko presidenteak, Xavier Cazaubon Nazioarteko Pilota Federazioko presidenteak, Sara Pagola Eusko Jaurlaritzak Argentinan eta Uruguain duen ordezkariak eta Argentinako euskal kolektibitatearen ordezkariek.

"Bide luzea izan da honaino ekarri gaituena. Kirol selekzioen ofizialtasunaren aldarrikapena ez da kirol borroka hutsa: kirol modalitate guztietan lehiatu nahi duen herrialde baten borroka da ", Bengoetxearen esanetan. Euskal selekzioak, estreinakoz, munduko txapelketan parte hartzea ahalbidetu duten guztiak eskertu zituen.

Ekitear
Ostegun honetan, hilaren 15ean, jokatzen hastekoa da aipatu mundu txapelketa.

Hamahiru modalitateetan lehiatuko dira pilotariok: 54 zein 36 metrotan zestaz;  36 metrotan, eskuz, paleta larruz eta paleta motzarekin; parapilotan frontoian eta trinketean; 30 metroko frontoian gomazko paletarekin; eta frontball zein xarean.  

Beste hamalau herrialdeetako selekzioekin lehiatuko dira euskaldunak.

2008tik ari da lehiatzen Beñat pilota egokituan. Euskal Pilotako Munduko Txapelketako aurreko edizioa Euskal Herrian, Biarritzen jokatu zen 2022. urtean. Duela lau urteko ekinaldi hartan Espainiako selekzioarekin egin behar izan zuen erakustaldia Lizasok. Oraingo honetan, ordea, pozarren agertu da usurbildarra; batetik, euskal selekzioarekin jokatu ahal izango duelako, eta, bestalde, berea modalitate ofiziala izango delako.