"Negozioak ixteak kezka eragin zuen Udalean eta egoeraren azterketa egin nahi izan genuen, argazki erreal bat eskuartean izateko", azaldu zuen Iratxe Begiristain udal zinegotziak berriki eginiko agerraldian. Hartara, "herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduen etorkizunaren aurreikuspena egin eta haien nahiak eta espektatibak jaso nahi genituen".
Azterlan hau Siadeco Ikerketa Elkarteak egin du. Aipatu ikerketa elkarteak eginiko lanaren iazko emaitzetan oinarrituta abiarazi dute, udal dirulaguntza deialdi berria. Ikerlan horretan bildutako datuen berri eman zuen aipatu agerraldian, Siadecoko ordezkari Juanjo Allur herrikideak. Ia herriko establezimendu guztiekin hartuemanetan jartzeko aukera izan zuten; 54tik 48rekin hain zuzen. Gune guztiok hiru azpisektoreetan multzokatu zituen: merkataritza, ostalaritza eta hein handi batean, estetikari edota osasunari lotutako bestelako zerbitzuak.
Alde nabarmea azpisektoreen artean
Azpisektore bakoitzaz hainbat zehaztasun eskaini zituen Allurrek. Zalantza izpirik gabe, "merkataritzakoa da aintzinatasun handiena dutenak. Usurbilen, une honetan, 40 urte baino gehiagoko ibilbidea duten era honetako negozioetan 11 establezimendutik 8 merkataritzakoak dira". Aldiz, ohartarazi zuenez, "txanpon horren bigarren aldea da, merkataritzan ditugula erretiroko adinetik oso gertu dauden gehienak ere".
Oso bestelakoa da, aldiz, zerbitzuen azpisektorean lanean dabiltzanen profila. "Arduradunen adina, batez beste gazteagoa da, negozio berriagoak dira". Azkenaldian, bereziki abiarazitako jarduera berriak, nagusiki, eremu horretakoak dira.
Ostalaritza, beste bi azpisektoreen "erdibidean" dagoela jakinarazi zuen Allurrek, "bai adinez eta antzinatasunari dagokionean, erdibidean dago ostalaritza. Bi berezitasun ditu ostalaritzak: arduradunen aldaketa gehiago dago eta bestalde, lokalak alokairuan daudenen kasuan ostalaritzan gehiago dira, ia erdia edo". Aldiz, "merkatari gehienek haien negozioa aurrera eramateko lokala jabetzan dute".
Hiru oztopo nagusi
Aurrera begira, etorkizunarekiko jarduera hauetan lanean dabiltzanen ikuspegia ere bildu zuen Siadecok; aurreikuspen eta nahiez galdetu zieten sektoreko langileei. "Negozioetako arduradunek nahi dute haien jarduerak jarraipena izatea dudarik gabe, hirutik bik. Batzuk, gutxiagok, seme-alabek edo beste batzuk, baina jarraipena bai negozio berarekin". Aldiz, "beste gauza bat da hori zenbateraino ikusten ote duten posible, edo ez".
Izan ere, "hirutik batera murrizten da, benetan haien negozioak jarraitzeko aukera ikusten diola erantzun dutenak". Hiru zailtasun edo oztopo nagusi ikusten dituzte: halako jarduera bat abiarazteak "ekintzaile izateak erakargarritasunik ez izatea; lanbide lotua izatea; bigarrenik, negozioa abiarazi aurretik egin beharreko inbertsioa"; eta, azkenik, "erretiroko adinera hurbiltzen ari diren negozio arduradun eta merkatari asko kontziente dira jarduera txiki hauen errentagarritasuna txikia dela".
Merkataritza azpisektorea, lanketa handienaren beharrean
Hiru zailtasunok kontuan izanda, Allurrek argi ondorioztatu moduan, "dudarik ez da, borroka egin beharko dugu jarraipena izateko". Izan ere, tokiko zerbitzu txikiei lotutako 2029ra arteko aurreikuspena ere landu du Siadecok. "Hamaika establezimenduetako arduradunek erretiroa" hartzeko adina izango dute; bostetik batek alegia.
Horregatik hain zuzen, ondorengotza lantzearen beharra azpimarratu zuen Allurrek, "bereziki merkataritzaren kasuan. Izan ere, azken hilabete eta urteetan zabaltzen dira jarduera berriak, baina batez ere, bestelako zerbitzuen alor horretakoak dira, merkataritzako azpisektoreko bakar bat ere ez". Ondorioz, "azpisektore horietako baten galera, bai da ikagarrizko galera".
Lau eskuhartze proposamen
Datu horiek eskuartean izanda, diagnosi horretatik abiatuta, lau eskuhartze proposamen egin zizkion Siadecok Udalari; batetik, balizko itxierei aurre hartzea, "erretiroa noiz eta nola hartu aurrez hitz egitea haien asmo eta aukerez, azken unera arte itxaron gabe".
Bigarrenik eginiko eskuhartze proposamena, Beterri Buruntza Mankomunitateak "erretiroagatik negozioa uztera doanari eta hartzeko interesa duenari ere laguntza teknikoa, aholkularitza eskaintzea" zen.
Hirugarrenik, Udalari "erreleboa sustatzeko dirulaguntza lerro berri bat martxan jartzea" proposatzen zion Siadecok; laugarrenik, "erreleboen esperientziak gizarteratzea, gaiari garrantzia ematea, ekintzaile edo hartzaile berriak erakartzeko eta herritarren babesa ere indartzeko".
Jada heltzen hasiak diren erronka horiei aurre egiteko, Allurren esanetan, "beste behin, Usurbilgo herriak erantzun behar du bai ala bai. Usurbilek, une honetan duen erronka handi honi aurre egitea da merkataritzako establezimendu bakar bat ere itxi ez eta hari jarraipena ematea. Horretarako, herritarrek herriko dendetan eta komertzioetan erosteak beti eta orain, berebiziko garrantzia du".