"Siadecok egindako diagnosiaren ondoren, hartutako neurrien artean erabaki zen dirulaguntza bat ateratzea, Usurbilgo tokiko zerbitzu txikien belaunaldi erreleboa sustatzeko".
Lehenbizi, Usurbil Zabalik egitasmoa tarteko, aurrez zuten lankidetzari segida eman zioten, deialdi berri hau diseinatzeko. "Bildu ginen unean ikusi genuen, tutorizazio bat behar duen prozesu bat dela, ez dela bakarrik dirulaguntza emate bat, baizik eta horrek eskatzen duela prozesu bat egitea, negozioa uzten duenarekin eta hartzen duenarekin ere, eta biak uztartu beharko liratekeela nolabait", Mugikaren esanetan.
Etor daitekeenari, errelebo gabeziari aurre hartu eta "ahal dena egiten" saiatu nahi dute, baliabideak jartzen saiatu nahi dute, tokiko zerbitzu txikietan ondorengotza bermatzeko aukera suertatzen denero, "gauzatu ahal izateko dudarik gabe".
Prozesuaren lanketa
Dirulaguntza deialdia jarduera ekonomikoa ekin nahi duenari zuzendua dago. Hainbat baldintza bete behar ditu laguntza horren onuraduna izateko; "finkatutako jarduera baten jarraipena bermatu behar du; eskualdatutako jarduerak, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu alorreko jarduerak izan behar dute; eskualdaketaren arrazoiak, jarduera uzten duen pertsonaren erretiroa izan behar du; titular berriak aurreko jarduera berarekin jarraitu beharko du eta Beterri Buruntza Mankomunitatearen belaunaldi erreleboetako programan parte hartuko du, tutoretza eta aholkularitza teknikoa jasoz".
Aholkularitza eta tutoretza prozesu horretan, "negozioaren bideragarritasuna aztertu behar da eta baita ere, transmisio baldintzen egokitasuna".
Laguntzak
Udal teknikariak gogora ekarri zuenez, orain arteko "Usurbil Zabalik-ek dituen bi dirulaguntza lerroak mantentzen dira: lehenbiziko lerroari negozioa eskualdatzerari dagokion laguntza deitu diogu". Bere baitan leudeke, "Usurbil Zabalik-ek aurreikusten ez dituen" hainbat kontu; merkataritza funtsa, edota inbertsio edota egokitzapen lanetarako laguntza.
Horrez gain, gehienez bi urtez, alokairu gastuei aurre egiteko aukera eskainiko ditu dirulaguntza lerro horrek, Mugikak zehaztu zuen moduan, "hilean 400 euroko mugarekin lehen urtean (6 euro metro karratuko) eta bigarren urtean, 300 euroko mugarekin (5 euro metro karratuko) ordainduz. Lokala erosiz gero, dirulaguntza berdina da".
Ezagutzaren transmisioa
Halere, berrikuntzarik ere txertatu nahi izan dute. "Berritasuna da, negozioaren ezagutza transmititzeari dagozkion gastuak ordaintzeko aukera izatearena". Berezibiko garrantzia duen gaia, udal teknikariak nabarmendu zuenez. "Bideragarriak diren proiektuak badaude. Beraz, ezagutza horren transmisioa oso garrantzitsua da. Horrek ematen du buruhauste handiena, hau dena nola eraman dirulaguntza deialdi batera".
Izan ere, Mugikaren esanetan, "merkatariak berak ahalegin bat egin behar du transmisio hori egin ahal izateko. Lanbidearen prestakuntza teknikoa eta operatiboa izan liteke une batean trasmititu behar izatea, hornitzaileen kudeaketa erosketak, bezeroen kudeaketa eta establezimenduen dinamika komertziala, eguneroko operazioak, kudeaketa administratiboa, fakturazioa, gestoriarekin harremanak… Balorean jarri behar da merkatariak egindako ibilbide hori". Horregatik, eskualdatze prozesurako bideak egokitu behar dira udal teknikariaren esanetan, "eta horretarako, berak horren parte izan behar du".
Horrez gain, "udal bezala ere eskatzen zaie, ezagutzaren transferentzia hau erreala izatea dirulaguntza jaso ahal izateko". Horretarako, plangintza bat aurkeztea galdegingo zaie eskatzaileei "beti ere, aholkularitza zerbitzutik lagunduko litzaiekeena".
Abiarazitako deialdira, guztira, 35.800 euro bideratuko ditu Udalak. Honenbestez, "enpresa bakoitzak, gehienez ere, 17.900 euro eskuratzeko aukera izango du". Eskabideak 2027ko urriaren 31ra arte aurkeztu ahalko dira, "prozesu bat delako, pausoak emateko denbora behar delako". Horregatik hain zuzen, epealdia "ahal den gehiena luzatu dugu".
"Tokiko zerbitzu txikien iraunkortasuna" sustatzeko
Dirulaguntzei lotutako hiru jakinarazpen argitaratu zituen Usurbilgo Udalak, irailaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Batetik, "Usurbilgo tokiko zerbitzu txikien belaunaldi-erreleboa sustatzeko dirulaguntza oinarriak" kaleratu zituen Udalak. "Oinarri hauen xedea da Usurbilgo Udalak tokiko ohiko zerbitzuen ondorengoetaratzea eta belaunaldi-erreleboa sustatzeko emango dituen 2026ko dirulaguntzak arautzea, lehiarik gabeko norgehiagoka-erregimenean, lehendik dauden jardueren jarraipena bermatzen duten titular berriei laguntzeko. Dirulaguntza hauen bidez, lehendik Usurbilen ezarriak dauden eta bideragarriak diren tokiko merkataritza, ostalaritza eta bestelako ohiko zerbitzuen itxiera saihestu nahi da, herritarrentzat oinarrizkoak diren zerbitzu horien jarraipena bermatzeko", dio Udalak GAO-n argitaraturiko iragarkian.
Helburua, "negozioen titulartasuna hartzen duten pertsona fisiko edo juridikoei laguntzea da, bideragarritasun ekonomikoko eta egonkortasuneko baldintzetan jarraituko dutela bermatuz". Alegia, "tokiko zerbitzu txikien iraunkortasuna" sustatu nahi du Udalak dirulaguntza lerro berri honen bidez, "jarduera ekonomiko finkatuen transmisio ordenatuko prozesuak erraztuz". Horregatik, "bereziki, dauden negozioen jarraikortasuna bermatu nahi da, transmisioaren ondorengo hasierako fasean egonkortzen lagundu, eta jarduerari atxikitako enpresa-ezagutza behar bezala transferitzen lagundu".
Kopurua
35.800 euro bideratuko ditu Udalak dirulaguntza deialdi horretara. Hiru lerroetan banatuko dute laguntza hori. "11.000 € eskualdaketari lotutako gastuei aurre egiteko eta beste 16.800 € bi urtetako lokalaren alokairu edo erosketa gastuak diruz laguntzeko lerrorako. Azken lerro honetarako gehienez ere 9.600 € erabiliko dira 1. urtean eta 7.200 € bigarren urtean. Gainera beste 8.000 € ezarri dira ezagutza edo know-how-aren transmisiorako".
Zenbaki gehiago. Negozioa eskualdatzeari lotutako dirulaguntza gehienez 5.500 eurokoa izango da; eskualdatutako lokalaren alokairu edo erosketa gastuei aurre egiteko laguntza gehienez 400 eurokoa hilero lehen urtean eta 300 eurokoa hilero bigarrenean; azkenik, ezagutza transmititzea ahalbidetzeko gehienez ere 4.000 euroko laguntza jaso ahalko da. "Enpresa bakoitzeko laguntzak guztira gehienez ere lehendabiziko urtean 14.300 € (5.500 € + 4.800 € + 4.000 €) izango dira eta bigarrengoan 3.600 €. Enpresa bakoitzak bi urtetan gehienez jasoko duen diru-laguntza 17.900 € izango dira".
Eskabideak 2027ko urriaren 31ra arte eskatu ahalko dira presentzialki udal erregistroan edota telematikoki usurbil.eus atarian.
Udalak jasotako "eskabideen kopuruak eta zenbatekoak ezarritako baliabide ekonomikoak gaindituko balitu, Usurbilgo Udalak zenbateko hori handitu ahal izango du, bere finantza-aukeren arabera".
Informazio gehiago irailaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jaso ahalko duzue.