Bertako teknikari Aitor Falconek aditzera eman bezalaxe, "Beterri Buruntza Mankomunitatetik, batez ere, ondorengotza prozesuotan, gure egitekoa da zubi-lana egitea, negozioa utzi eta hartuko duenaren artean".
Trantsizio aldi horretan, "jardueraren jarraipena bermatzeko aholkularitza teknikoa eskaintzen dugu". Izan ere, "askotan, negozio baten itxiera ez da bezero faltagatik edo jarduerak ez duelako berea ematen, batzuetan erretiroa iristen da eta erreleboa garaiz ez da prestatu".
Horregatik, jarduera ekonomiko berriak abiarazten laguntzeaz gain, mankomunitatearen egitekoa da Falconen esanetan, "martxan dauden negozioak eta balioak sortzen dituztenei etorkizun bat bermatzea".
Erronka, "jardueraren jarraipena, erreala dela bermatzea"
Helburu horrekin, negozioa hartu nahi dutenekin banakako lanketa egiten dute. "Jardueraren egoera aztertzen dugu, zer negozio eredu duen berrikusten dugu eta bideragarritasun plana lantzen dugu, azkenean, jardueraren jarraipena ahalik eta berme handienarekin egin ahal izateko".
Era berean, "ondorengotza prozesu hauetan, negozioaren informazioa jasotzen dugu. Egungo jabetzarekin harreman zuzena izan eta jardueraren egoera ekonomiko zein finantzarioa aztertzen dugu, jardueraren inguruko alderdi arautzaileak zeintzuk diren… Horrekin guztiarekin, bideragarritasun diagnostiko bat prestatzen dugu, jardueraren etorkizunerako aukerak identifikatu eta erreleboa baldintza egokietan egin ahal izateko".
Mankomunitatetik eskainitako aholkularitza ekonomiko eta finantzarioari dagokionean gaineratu zuenez, "inbertsio beharrak aztertzeko, aurreikuspen komertzialak ere egin ahal izateko eta negozioaren etorkizuneko antolaketa hobeto egin ahal izateko" eskaintzen dutela adierazi zuen Falconek. "Azken batean, helburua da, titular aldaketa hutsetik haratago joatea eta jardueraren jarraipena, erreala dela bermatzea".
"Trantsizio hau modu planifikatuan egitea"
Pello arrandegia jarri zuen adibide gisa, mankomunitateko teknikariak. Kasu horretan, "sustatzailearekin batera bideragarritasun plan bat landu dugu eta azterketa egin. Gero ikusi ahal izan dugu, jarduera ekonomiko finkoa dela eta bezero zorro egonkorra duela eta horrez gain, negozioa hartuko duen pertsonak ere sektorean esperientzia zabala duela. Horrek bermea ematen dio proiektuari".
Ondorengotza prozesuok garaiz lantzearen garrantzia nabarmendu zuen Falconek. "Negozio batek urte askotan pilatutako jakintza, harremanak, hornitzaile-sarea, bezeroek berarengan duten konfiantza, ez dira egun batetik bestera sortzen direnak. Horregatik, garrantzitsua da prozesu hauek garaiz lantzea eta negozioa uztera doanarekin eta hartuko duenarekin, biekin, trantsizio hau modu planifikatuan egitea".
Bide horren lanketan, "negozioaren titulartasuna" aldatzetik haratago, "urte guztietan sortutako balioa, ezagutza eta jarduera ekonomikoa bera mantentzea ere bada helburua. Zenbat eta lehenago hasi lanketa, aukerak handiagoak dira".
Mankomunitatearen izenean, mezu argia helarazi nahi izan zien Falconek negozioa uztekotan izan edota jarduera horietako baten jarraipena bermatu nahi dutenei; "ateak zabalik ditugu, orientazioa, aholkularitza, eta orokorrean, bidelaguntza eskaintzeko. Horregatik, egoera horretan egon daitezkeen pertsonak animatu nahi ditugu gurekin harremanetan jartzera".
Mankomunitearekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue:
beterriburuntza.eus
943 24 45 23
Akarregi industrialdea, 10, 2. solairua, 202 bulegoa, 20120 Hernani
harrera@beterriburuntza.eus