Hurrengo afari solidarioaren prestaketa, urriaren 20an

Noaua Aldizkaria

Hilaren 20an afari solidario gehiago prestatzeko hitzordua antolatu du Usurbilgo taldeak.

Iaztik, Donostiako Kale Afari Solidarioak (KAS) ekimenarekin bat eginiko herritar taldea jardunean aritu da, laguntza bildu, ehunka otordu prestatu, Gipuzkoako hiriburura garraiatu eta kalean bizi diren hainbat pertsonei afariok helarazten. Urriaren 20rako iragarri dute hurrengo otordu solidarioa. Ekimenean parte hartu nahi dutenek 688 85 08 24 zenbakira deitu dezakete.

Duela hilabete asanbladan bildu zen Usurbilgo Afari Solidarioen taldea, ekimeneko bidelagun eta herrikideekin. Herri egitasmoak orain arte eginiko bidea jorratzeaz gain, udako debekuaren ondotik, egungo egoeraz eta hurrengo urratsez mintzatu ziren aipatu hitzordu horretan.

Gogoan izan, iaztik, Donostiako Kale Afari Solidarioak (KAS) ekimenarekin bat eginiko taldea jardunean aritu da, laguntza bildu, ehunka otordu prestatu, Gipuzkoako hiriburura garraiatu eta kalean bizi diren hainbat pertsonei afariok helarazten.

Asanbladaz gain, Usurbilgo KASeko kideek aurreratu zutenez, "diru-bilketa egiteko postua jartzeko asmoa dugu".

Debekatua
Gogoan izan, Donostiako Udalak Kale Afari Solidarioen ekimena debekatu egin duela uda honetan. Erabaki hori salatzeko mobilizazio jendetsua egin zuten hiriburuko kaleetan uztailaren 29an, "KAS debekatua. 300 pertsona afaltzeko alternatibarik gabe. Afaltzen ematea ez da delitua, eskubidea da!" aldarripean.

Donostiako Udalari debeku hori bertan behera uztea exijitu zioten, "harik eta erakundeek inork kanpoan utziko ez duen alternatiba erreal eta bideragarri bat antolatu arte". Izan ere, gaurkoz "inork ez die afaltzera etorri ohi diren pertsonei jakinarazi beste inolako baliabide edo alternatibarik eskura dezaketenik", nahiz KAS-etik oroitarazi moduan, "behin eta berriz eskaini diogu Udalari alternatiba duinagoak eta seguruagoak bilatzeko laguntza".

Horrez gain, "migrazioa eta delinkuentzia lotzen dituzten diskurtsoak sustatzeari" uztea galdegin zioten hiriburuko Udalari eta horrekin batera, "herritarren ekimen solidarioak gutxiesteari eta kriminalizatzeari utz diezaiola".

Usurbilen KAS taldea
Kaleko Afari Solidarioak egitasmoa 2020an sortu zuten Donostian. Ekimen solidario horren baitan, kalean bizi direnentzako sukaldatutako afari beroa prestatu eta banatzeari ekin zioten.

Gogoan izan, iazko udazkenean zehar abiarazi eta osatu zuen herritar talde batek ekimen horrekin bat egiteko bilgunea. Hedabide honetara igorritako oharraren arabera, "dakizuenez, Usurbilgo herritarrok Donostiako Kale Afari Solidarioak (KAS) proiektuan parte hartzen dugu, bertako langileei lan-karga arintzeko asmotan". 

Aipatu moduan, boluntario sare horrekin bat egin zuen udazkenean Usurbilgo herritar talde batek. Hitzaldi bat antolatu zuten hasteko, urriaren 31n Potxoenean, egitasmo honen berri jasotzeko. Gerora, lehen afari solidarioa prestatzea erabaki zuten. Horretarako, elikagaien eta baliabideen bilketa antolatu zuten azaroa amaieran Usurbilen eginiko bi azoka egunetan; Hurbilagoren Udazkeneko Azoka egunean eta biharamuneko 24. Erle Egunean. 

Bildutako elikagaiokin sukaldatu dituzte orain arteko afari solidarioak. Hilero sukaldatu dituzte udaberri honetara arte otorduok Aitzaga elkartean eta gero, Donostiara garraiatu izan dituzte, bertan banatzeko.