Arrobitxulo, Bruselan saritua

Noaua Aldizkaria

Arrobitxulo egitasmoa saritu dute Europan. NEB saria eskuratu du. Bertan da udal ordezkaritza bat.

Europako NEB ("New European Bauhaus Prizes") saria irabazteko hautagaia zen, eta eskuratu du. Arrobitxulo egitasmoa Europa maila saritu dute, Usurbilgo Udalak albiste honi atxikitako argazkia helaraztearekin batera jakinarazi moduan. "Sari hau Arrobitxulo proiektua abiatu, bultzatu eta ekarpenak egin dituzten guztien lanari esker izan da: zuena da sari hau!", adierazi dute Udaletik.

Aipatu irudian ikus dezakezuen moduan, Bruselan da udal ordezkaritza. Jon Mikel Azpiazu Gazteria eta Kultura zinegotziak jaso du saria. "Nabarmendu duenez, herriko kultur eta gazte eragileek bultzatutako proiektu honek herritarren arteko topaketa, ezagutza eta elkarlana ahalbidetuko ditu, euskal kulturaren transmisioa bultzatzearekin batera".

Etorkizunean, Elkargunea komunitate izaera sendotzeko jaio zela gaineratu du Azpiazuk. Izan ere, " gero eta indibidualagoa den gizarte joera higatzeko ahalegina da". 

Asteotan Udalak berri eman moduan, "Europako NEB Boost for Small Municipalities sariketan puntuaziorik altuena lortu duten 30 proiektuen zerrendan" sailkatu zen Arrobitxulo.

Bruselako hitzorduaren helburua hain zuzen, sariketatik haratago, "30 proiekturen ordezkariak elkartu eta esku artean dituzten erronkak gainerakoekin konpartitzea da" Udaletik jakinarazia zuten moduan.


Iaztik
Udalerri txikiei zuzenduriko "NEB Boost for Small Municipalities deialdia" iaz abiarazi zuten Europako Batzordeak, baina lehenago, 2021. urtean NEB New European Bauhaus sariketa.

20.000 biztanlez azpiko udalerrietako egitasmoak saritzen ditu, "proiektuen hastapenetan izan ditzaketen oztopoak gainditzen lagundu eta bultzada emateko. Proiektuek NEB ekimenaren balioekin eta lan printzipioekin bat egin behar dute".

"NEB kontzeptua hiru balio edo filosofiak osatzen dute: iraunkortasuna (ingurumen helburuak, zirkulartasuna, kutsadura murriztea edo bioaniztasuna), inklusibotasuna (aniztasuna eta irisgarritasun segurua) eta proiektuen edertasuna eta kalitatea pertsonen onurarako baliatzea. Lan printzipioak, aldiz, partaidetza, maila anitzeko komunitatearen inplikazioa eta diziplinartekotasuna dira".