Azken hamabi urteotako lanketari azken onespena falta zitzaion, behin betiko onartutzat jotzeko eta heldu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onartu duela jakinarazi du, ostiral honetako, urriaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Esteka honetan duzue behin betiko onarturiko dokumentu osoa: urriaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Aipatu dokumentua Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazi zion uda aurretik Udalak, hark behin betiko onarpena eman diezaion. Udalbatzak gehiengo osoz onartu ostean izan zen. Izan ere, herri honen etorkizuna marraztuko duen ibilbide oso luzeko lanketa borobildu zuen maiatzaren 28ko osoko bilkuran udalbatzak. Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onartu zuten gehiengo osoz (EHBildu eta PSE alde, EAJ aurka).
Udal gobernu taldetik mugarritzat jo zuten erabaki hau hartzea, "beraz, mugarri bat Usurbilgo herriarentzat, izan ere, HAPOak finkatzen du Usurbilek hurrengo 15 urteotan izango duen garapena". Epealdi luzera begirako garapena da, dokumentuak berak izandakoaren parekoa. Izan ere, "ibilbide luzea izan du" nabarmendu zuen EHBilduk, aipatu osoko bilkurako adierazpenen tartean. 2004-13 urte arterako onarturiko arau subsidiarioak ordezkatzeko 2014ko maiatzean, duela hamabi urte abiarazi zuen Udalak "Usurbilgo plangintza orokorra berrikusteko prozesua", hain zuzen, "Usurbil, oraina da geroa", herritarren parte hartzean oinarrituriko udalerriaren egoerari buruzko diagnosi partekatuarekin. Izan ere, "herritarren parte hartzea eta adostasuna dago", udal gobernu taldearen esanetan, dokumentu horren oinarrian. 2022ko urrian HAPOa izapidetzeari hasierako onarpena eman zitzaion. 41 alegazio jaso ziren jendaurreko epean, 2024ko ekainean ebatzi zirenak. Iazko urtarrilean behin behinean onetsi zuten.
"Garapen orekatua"
"Herri-proiektu bat definitzen du" plangintzak. "HAPOak tresna edo bitarteko bat izan nahi du denon artean eraikitako eta denontzako izango den Usurbil jasangarriagoa, inklusiboagoa, onuragarriagoa, eta bizigarriagoa bihurtzeko, euskara garapen komunitarioaren ardatz izango duena, inor baztertu edo atzean utziko ez duena, herrikideak zainduko dituena, eta usurbildarren arteko berdintasuna eta justizia soziala izango duena aspirazio gisa. Horregatik, egungo hiri-eredua zalantzan jartzen du esku artean dugun HAPOak, eta hirigintza eko-feministaren irizpideak eta begiradak geure eginez, gertutasunean eta ingurumenaren eta herritarren zaintzan oinarrituriko herri ereduan sakontzen du".
Hala, planeamendu berriak "hiri garapena mugatzen du" eta "hiri garapenetik babestutako lur horietako asko, balio agrologiko altuko lurzoruak dira, eta nekazaritza erabileretarako babesten dira". Horrez gain, "onura publikoko mendietan babeserako basogintza aurreikusi da", baita "natur balio handiko eremuak bereziki babestea" ere. Babes neurriekin segita, "Usurbilgo urak babesteko neurriak ere proposatzen ditu" eta gauza bera egiten du "interes historiko-artistiko eta kulturaleko elementuekin". Energia kontsumoa murriztu nahiz hondakinak gutxitu eta berrerabiltzeko lanketa ere jasotzen du.
"8-80 herria" izateko helburuz, adin tarte zabal horren beharrei erantzungo dien mugikortasun eredu "unibertsal, jasangarria eta inklusiboagoa" sustatuko du HAPO berriak. Horren baitan dira herrian eraikitako bost hiri-igogailuak, oinezko eta bizikleta bidezko joan-etorriak indartzeko lotura berriak, edota herrigunean oinezkoak lehenesteko, herrigunearen kanpoaldean eraikitzea aurreikusitako aparkalekuak. Horrekin batera, garraio publikoa indartzearen baitan kokatzen dira Kalezarko autobus geltoki berria edota tren geltoki eraberritua. Horrez gain, N634 errepidean trafikoa baretu, segurtasuna handitu eta errepideak sortutako eragozpenak gutxitzeko zenbait esku-hartze proposatzen ditu plan orokor berriak.
Etxebizitzen garapenari dagokionean, "etxebizitza eredu desberdinak sustatzen ditu HAPOak" usurbildarren beharrei erantzuteko. Garapen orekatua izango du helburu nagusia. Esku-hartze berriak faseka eta epe luzera sustatu nahi dira eta epealdi horretan, herriaren beharren arabera, berrikusten joatea. Babestutako etxebizitzetan usurbildarrak lehenetsiko dira eta udalak eskuratutako etxebizitzak alokairura bideratzen segiko dute, orain arte bezala. "Kale biziak helburu", eraikinen beheko oinak ahal den kasuetan, "merkataritzarako edo ekipamendu publikoko erabilera" emateko ahalegina egingo da. Etxebizitzen inguruan kalitatezko espazio publikoak sustatzen segi nahi da. Horrez gain, hiri-sistema efizientea diseinatu da eta landa-eremua hustea saihestea sustatuko da.
Jarduera ekonomikoei dagokionean, "helburua da jada okupatuta dauden industria eremuak berrantolatu eta berreskuratzea, jarduera ekonomiko berriak erakartzeko, ahalik eta lurzoru berri gutxien okupatuz". Horrez gain, "herri merkataritzari balioa eman nahi zaio" eta lehen sektorearen garapen ekonomikoa bultzatzeko "lurrak nekazaritza erabilerako babestea bermatzen da".
Herri zaintzaileagoa izateko bidean, "herrikideak eta komunitatea zaintzeko espazioei garrantzia handia ematen zaio: ekipamendu komunitario sarea eta espazio publiko eta berdeguneen sarea indartzen da". Azkenik, Usurbilgo herrien eta auzoen bizigarritasuna sustatuko du planeamenduak, haien nortasun eta beharrak lehenetsita.