Salatu dutenez, "badira hiru urte Donostialdean, Etengabeko Arreta Guneetako zentroak irekiak uzten dituztela sendagilerik gabe. 2024ko eta 2025eko udan jasotako datuek (aurtengoak oraindik ez baititugu) hiru txandatik bat sendagilerik gabe geratzen dira". Lan egiteko modu horren ondorioez ohartarazi dute. "Langileon osasunean eta zerbitzuaren kalitatean eragina du, baita ere segurtasun juridikorik eza eragiten digu".
Gogora ekarri dute, udaberriaz geroztik, idatziz nahiz mobilizatuz, eskualdeko ESIaren arduradunekin biltzea eskatzen ibili ostean, uztailean egin zuten bilkura hura, "arazo hau konpondu nahian, bai langileok baita DOPA-kook ere. Era berean, langileek bi aldiz aurkeztu dute idazki bat Lan Osasuneko Zerbitzuan, egoeraren berri emateko eta neurriak har ditzaten eskatzeko. Hala ere, berdin edo okerrago jarraitzen dugu. Haien erantzuna autokonplazientzia hutsa izan da".
"Sendagilerik ez"
Herritarrak Etengabeko Arreta Guneetara joan eta medikurik ez egotea ohikoa bilakatu da. Argi salatu dute. "Pertsona Osakidetzako zentro batera doa eta hor konturatzen da sendagilerik ez dagoela, inork ez dio informazioa ematen".
Langileen artean, "erizainek eta zeladoreek egoera estresagarriei aurre egin behar diete, erabiltzaile horren osasun-arazoari irtenbide bat emateko eta mediku batek baloratu ahal izan dezan".
Horrela gaude eskualde honetan 2026. urtean eta egoera okertzen ari dela aipatu dute gaurko agerraldian. "Hau guztia larriagotzen ari da, zoritxarrez, zentro koordinatzailean ere murrizketak egiten dituzte, hemen ere batzuetan sendagilerik gabe gabe aurkitzen gara". Honenbestez, "Etengabeko Arreta Guneetan sendagilerik ez, erizainok Koordinatzailekoekin harremanetan jarri eta hor ere sendagilerik ez".
Ondorioz, "langileek larritasun, ezinegon eta beldur-sentsazio handia dute" eta horrekin batera, "asistentzia-kalitatea jaisten da eta denok gure eskubideak galtzen ditugu".
Lantalde osoak 365 egunetan
Orain arte, lerrootan azaldutakoa, modu edo maila horretan, eskualde honetan soilik gertatzen ari dela salatu dute DOPA-k eta aipatu langile taldeak gaurko agerraldian. "Hau guztia Donostialdeako ESIan bakarrik gertatzen da pazientearen segurtasuna arriskuan jarriz".
Horregatik, testuinguru larri honetan, Osakidetzako zentro guztietan lantaldeak osorik jardunean aritzea eskatu dute. "Bitxia da, greba egunetan lantaldeak osatua egon behar du eta gainerako egunetan zergatik ez? Lantaldea osatua izatea eskatzen dugu 365 egunetan".
Egoera larriagotzen doala ikusita, hainbat ekimen abiaraztekoak direla jakinarazi dute ostiral honetako prentsaurrekoan, "egunero, gure begien aurrean, suntsitzen ikusten dugun osasun publikoaren kalitatea eta unibertsaltasuna berreskuratzeko" eta horrekin batera, "pribatizatutakoa sektore publikora berriro itzul dadin". Izan ere, ezinbestekotzat jo dute "pribatizazio prozesua geldiaraztea", baita "osasun zerbitzuen kudeaketan erabateko gardentasunik eza bukatzea" ere exijitu dute.
Argi adierazi duten moduan, helburu nagusi bat dute; "Osakidetza publikoa indartzea", bereziki "Oinarrizko Arreta eta Osasunaren Sustapena, behar adina giza baliabideekin". Hori gauzatzeko "plantillak handitu eta finkatzea eskatzen dugu, lanpostu hutsak betetzeko eta lanpostuak egonkortzeko. Halaber, baliabide diagnostiko eta terapeutikoak gehitzea eskatzen dugu". Finean, "osasungintza publikoa, unibertsala eta euskalduna eskatzen dugu".