Hilabete eta erdi baino ez da geratzen, berriki aurreraturiko Espainiako Gorteetarako hauteskunde egunerako. Azaroaren 29an izango dira. Hego Euskal Herriko bozka eskubidea duten herritarrek parte hartu ahalko dute, Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua berritzeko bozketa egunean.
Deialdi horri begirako prestaketak abian dira. Ostiral hau, urriaren 16a da hain zuzen, koalizioak aurkezteko azken eguna. Hego Euskal Herriari dagokionean, EH Bilduk gaur jakinarazi ditu aipatu bi erakundeetarako, Madrilgo Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak.
Hainbat hautagai berri txertatu ditu zerrendetan. Orain arte jardunean aritutako beste hainbat kideak ordezkatuko dituzte. Ordezkatuak izango direnen artean da Mertxe Aizpurua Arzallus. 2011-15 urte artean Usurbilgo alkate izandakoa, 2019az geroztik, Madrilgo Diputauten Kongresuan koalizioaren bozeramaile izandakoak bere ibilbide politikoa amaitutzat eman du egunotan.
Ostiral honetan, EH Bilduren Hegoaldeko Mahai Politikoak datorren bozketa egunari begirako zerrendak proposatzearekin batera, Aizpuruaren nahiz, azken urteotan, Madrilgo erakundeetan jardun eta hango ibilbidea amaitutzat emandako Bel Pozuetaren eta Jon Iñarrituren "lana eta konpromisoa aitortu ditu. Pertsona militante eta ausartek osatzen dute ezker subiranistaren komunitatea, proiektu kolektibo baten alde lan egiten dutenak, herriari eta herritarren beharrei erantzuteko borondate irmoarekin. Kongresuko eta Senatuko talde parlamentarioek urteotan egindako lana ere nabarmendu du ezker subiranistaren zuzendaritzak".
Ildo horretan, "Mahai Politikoak oso positibotzat jo du urteotako lana, eta uste du, egindako esfortzuari esker, Euskal Herria baldintza hobeagoetan dagoela aurrean dituen erronkei aurre egiteko. Indar subiranistaren arabera, euskal herritarrek ere lan hori aitortuko dute hautetsontzietan azaroaren 29ko hauteskundeetan".
Ordezkoen artean
Aipatu moduan, hainbat berrikuntza proposatu ditu EH Bilduk hautagaitza zerrendetan; tartean, Mertxe Aizpuruaren lekukoa hartzea Bizkaiko zerrendaburu eta egungo Kongresuko kide Oskar Matutek. Halere, Aizpuruaren izenak zerrendetan agertzen jarraitzen du.
Horrez gain, herrialdez herrialde, hautagaitza zerrendetan parte hartuko dutenak zehaztu ditu EH Bilduk. Gipuzkoari dagokionean, Kongresurako zerrendaburu gisa proposatu du Oihana Etxebarrieta Legrand eta haren segidan, Gorka Elejabarrieta Diaz, Aizpea Otaegi Mitxelena, Xabier Lertxundi Asteasuinzarra, Ane Unanue Gutierrez eta Iñaki Ostolaza Esnal. Hiru ordezko proposatu ditu koalizioak: Kattalin Miner Perez, Pello Urizar Karetxe eta bere ibilbide politikoa amaitutzat emandako Mertxe Aizpurua Arzallus.
Senatuari dagokionean, Sonia Jacinto Garcia, Mario Zubiaga Garate eta Olaia Duarte Lopez proposatu ditu EH Bilduk hautagai gisa.