Arrastoa utzi nahi dute, gerora ahanzturan gera ez dadin. Horixe egin nahi du Usurbilgo Sarek. Horma-irudi bat sortu asmo dute. Egunotan iragartzekoa zuten hitzordua larunbaterako, urriaren 17rako, baina bertan behera utzi behar izan dute, euri arriskuagatik.
Sorkuntza lan horrekin, herri honetan hamarkada luzez hainbat eragileei eta herritarrei presoen eskubideen alde eginiko lana aitortu nahi zaie. Horrez gain, herri honen historiaren parte izan eta sufrimendua eragindako hainbat eskubide urraketa islatuak uztea nahi dute. "Arrasto bat utzi nahi dugu herriko horma batean", Usurbilgo Saretik gogorarazi dutenez, besteak beste, urte luzeetako sakabanaketa, isolamendua, bizi arteko espetxe zigorrak, gradu-erregresioak, istripuak edota motxiladun haurrak, "herri mailan ere sufritutako eskubide urraketak, irudi batean islatuak gera daitezen".
Gogoan izan, hamarkada honen hasieraz geroztik, Euskal Herriko beste hainbat udalerriren antzera, presorik gabeko herria da Usurbil. Sarek bideraturiko barne hausnarketatik ziklo aldaketa baten atarian da herri eragilea. Orain arteko dinamika modua aldatzekotan da. Azken ostiraletako elkarretaratzeak amaitutzat eman edo emate bidean dira hainbat herrietan. Usurbilen, urrian, azaroan eta abenduan egingo dituzte azken mobilizazioak; datorrena, hilaren 30ean iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. "Animatu parte hartzera", deitu du Usurbilgo Saretik. Gogora ekarri digute, hamarkada hauetan guztietan, preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsan aritu direla hainbat eragile eta herritar. "Soka bereko haria gara", adierazi dute Usurbilgo Saretik.
"Helmuga, denak etxera"
Geratzen diren azken elkarretaratzeak, Bilboko manifestazio nazionalerako bozgorailu lanak egiteko baliatu nahi dituzte, larunbateko horma-irudiaren margoketa bezalaxe. "Mobilizazio nazional horretarako deialdi berezia egin nahi genuke, Euskal Herriak adierazi dezan, geratzen diren korapiloak askatu behar direla", aipatu herri eragiletik adierazi dutenez. Hain zuzen, Euskal Herri mailako Sarek urtarrilaren 9an Bilbon azkena izatea nahi luketen manifestazio nazionala iragarri du "helmuga, denak etxera" aldarripean. Ziklo aldaketaren mugarria izango da Sarerentzat. Hortik aurrera, Usurbilen ez da azken ostiraletako mobilizaziorik izango, baina horrek ez du esan nahi, duela hamabi urte sortutako herri mugimendua desegingo denik, "Sareren helburua, azken presoa askatu arte lanean jarraitzea" baita. Beraz, Usurbilgo taldeak Euskal Herri mailakoaren baitan, unean uneko dinamikak babestu eta sustatzen segiko du.