15 urtera artekoek Mugi txartela autobusetan balioztatu ahalko dute

Noaua Aldizkaria

Jada, doan bidaiatzen duten 15 urtera artekoek Mugi txartela Lurraldebus zerbitzuetako autobusetan bertan balioztatu ahalko dute astelehenetik, urriaren 19tik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jakinarazitakoaren arabera, datorren astelehenetik, urriaren 19tik aurrera, jada doan bidaiatzen duten 15 urtera artekoek Lurraldebuseko autobusetan bertan balioztatu ahalko dute MUGI txartela.

Orain arte, “MUGI txartela balioztatzen den zerbitzuetan, nahikoa zen adingabeek Lurraldebuseko gidariei zero euroko txartela eskatzea”. Aurrerantzean, 6 eta 15 urte artekoek “beren txartelak balioztatu ahal izango dituzte, inolako kosturik gabe. Gogoratu behar da, 0 eta 6 urte bitarteko adingabeek ez dutela MUGI txartelik”.

Aipatu erakundearen arabera, aldaketak Lurraldebuseko langileen eskaerari erantzun asmo dio. Izan ere, "langileek adierazi ziguten 6 eta 15 urte bitarteko erabiltzaileek txartelak balioztatu behar zituztela, haien lana errazteko. Aldaketa horrek ez die inolako kalterik eragingo familiei: adingabeek doan bidaiatzen jarraituko dute, eta, aldi berean, Lurraldebuseko langileen eguneroko lana erosoagoa eta arinagoa izango da", Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko buru Azahara Domínguezen esanetan.

Berrikuntza horren ondorioz,  jarduteko modua, besteak beste, Euskotrenen parekoa izango da. Urte amaierara arte, trantsizio tarte modukoa planteatu du Aldundiak. “MUGI txartela aurkezten ez duten adingabeek zero euroko txartelarekin bidaiatzen jarraitu ahal izango dute”. Halere txartelik gabeko pertsonei "ahalik eta lasterren" Mugi pertsonalizatua galdegitera deitu ditu Foru Aldundiak. Orain arte, bezala, doan bidaiatzen jarraitu ahalko dute adin tarte horretakoek aurrerantzean ere.

Bidaia gehiago
Departamendu berak jakinarazi duenez, bestalde, 2025ean baino %6,18 bidaiari izan ditu Lurraldebusek aurtengo lehen seihilekoan; guztira, ia hamasei milioi bidaia (15.930.096) erregistratu dira Gipuzkoako zerbitzuetan. Honenbestez, Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren arabera, "Gipuzkoako hiriarteko garraio publikoaren erabilerak goranzko joerari eusten dio".

Iazko, 2025eko lehen seihilekoan baino 927.618 bidaia gehiago egin dira aurtengo urtarriletik ekainera. Eskaintza horri aurre egiteko, Foru Aldunditik jakinarazitakoaren arabera, 68,4 milioi euroko aurrekontua bideratu diote Lurraldebusi. Hala, iazko urte amaieran 262 autobus izatetik 280 izatera igaro da.

Lurraldebusi lotutako eskualdekako erabilera datuak ere plazaratu ditu Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak. 2026ko lehen seihilekoan, bidaia gehien izandako zonaldea Gipuzkoako ekialdea izan da, Oarsoaldea ingurua eta segidan, eskualde hau, Beterri Buruntza.

Debabarrenan eta Urola Kostan 1.710.913 bidaia erregistratu ditu Foru Aldundiak. Kopuru horren baitan da, udalerri hau zeharkatzen duen UK09 linea, Zumaia eta Donostia artekoa hain zuzen. "306.116 bidaia izan ditu" aurtengo urtarriletik ekainera, Foru Aldundiaren arabera.