Hauteskunde egun gozoa datorkigu, omentzeko modukoa izango dena gainera. Izan ere, Espainiako Gorteak (Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua) berritzeko azaroaren 29rako deitutako bozketa eguna hilabete horretako azken igandea izango da. Ohi denez, urte luzez antolaturiko hitzordu gozoena itzuliko da; Erle Eguna hain zuzen.
Aurtengo edizioari azpimarra berezia egin behar zaio. Mende laurdena beteko du Erle Egunak, 25. edizioa ospatuko dute frontoian eta plazan. Azaroaren 29rako jaialdiko kartela prest dute antolatzaileek. Bertan islatua dute, egun horretan izango duten eskaintza gozoa.
Osagai ezin gozoagoak
Irakurri ahalko duzuen moduan, ez dira falta herritarrek eskuzabalik hartutako osagai estimatuak. Goizari, gerora sarituko diren txapelketako gaiak bilduta ekingo diote. Batetik, erlea eta bere bueltako kultura marraztu ahalko du belaunaldi gazteenak. Bestetik, postre gozoak sukaldatu eta Erle Egunera aurkezturikoen artean, haien arteko sariketa egingo da.
Horrez gain, nola ez, gozogintzako posturik ez da faltako azokan. Postuetatik barrena osteratxoa nahiz erosketak egiteko aukera izango da. Horrekin batera, eztia eta txokolate gozoa ere dastatzeko moduan jarriko dute antolatzaileek, Erle Lagunak taldeak.
Bestalde, Bedaioko Balerdi mendiaren altzoan erlezaintzan dihardutenek tailerra eskainiko dute datorren Erle Egunean.
Eta, nola ez, marrazki eta postre lehiaketez gain, belaunaldi ezberdinetako herritarren ikusmin handiena pizten duen unea berrituko dute 25. Erle Egunean. Salbatore Elizatik frontoira erlea jaitsiko den momentuaz gabiltza. Bere eskutik helduko dira, eztigintza txapelketan lehiatuko diren jaki gozoen sariketako txapelak. Goizean zehar, epaimahaiak ezti lehiakideak behatu eta dastatu ostean hartutako erabakiak ezagutzeko unea izango da.
25. Erle Eguna
Azaroak 29, igandea
09:00-10:00 Ezti eta gozogintza bilketa, postreen bilketa, marrazki lehiaketa.
11:00-14:00 Azoka:
-Balerdipekoen eskutik tailerra.
-Ezti eta txokolatezko goxoak.
-Ezti dastaketa.
13:30 Sari banaketa: eztigintza, gozogintza, marrazkiak.
Antolatzaileak: Erle Lagunak, Usurbilgo Udala, Gipuzkoako Erlezain Elkartea, Goroxtitxo Eztiola, Mahala.
