Euskal selekzioak lehen aldiz parte hartuko du Euskal Pilotako Munduko Txapelketan, itsasoz bestalde. Lehiaketa horren hogeigarren edizioa, jokoan da ostegunaz, urriaren 15az geroztik hilaren 24ra arte Argentinan (Buenos Airesen) eta Uruguain (Colonia del Sacramenton).
41 pilotarik (31 gizonezkok eta 10 emakumeek) eta bederatzi entrenatzaileek ordezkatuko dute aipatu euskal selekzioa; haien artean, usurbildar batek; Beñat Lizaso Muxikak hain zuzen. Aipatu moduan, 41 pilotarik eta haiekin batera, bederatzi hautatzailek parte hartuko dute mundu mailako hitzordu entzutetsu horretan. Hamahiru modalitateetan lehiatuko dira pilotariok: 54 zein 36 metrotan zestaz; 36 metrotan, eskuz, paleta larruz eta paleta motzarekin; parapilotan frontoian eta trinketean; 30 metroko frontoian gomazko paletarekin; eta frontball zein xarean. Beste hamalau herrialdeetako selekzioekin lehiatuko dira euskaldunak.
Ostiral honetan, urriaren 16an jokatu du euskal selekzioak trinkete egokituko neurketa. Argentinarekin lehiatu eta 2-0 (15-8, 15-3) emaitzarekin nagusitu da. Larunbat honetan, hilaren 17an, pilota egokituko neurketa jokatuko dute bi herriok. Pilota egokituko hurrengo neurketak egunotan jokatuko dira: hilaren 19an Portugalekin pilota egokituko partida izango du euskal selekzioak, hilaren 21ean Frantziarekin lehiatuko da. Azkenik, hilaren 24an, pilota egokituko finala jokatuko da.
"Zorte onena opa dizuegu!!"
Iragan igandean abiatu ziren euskal selekzioko kideak Argentinarantz. Agur beroa eman eta dantzatu zieten, Loiuko aireportura zorterik onena helaraztera joandako hainbat lagunek. Pasabidea ireki zieten ikurriñak eskuartean, 7Baietz elkarteak eta Gure Esku herri mugimenduak eginiko deialdian parte harturikoek.
Bestalde, "zorte onena opa dizuegu!!", adierazi diete egunotan, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federaziotik lehiaketa horretara joandakoei. Izan ere, bertatik gogorarazi duten moduan, "pilota egokituko taldea ere bertan ariko da lehian, tartean, Gipuzkoako hiru pilotari eta gure lankidea den hautatzailea"; horien artean da, Lizaso bera.
Pilota egokituan
2008tik ari da lehiatzen Beñat pilota egokituan. Euskal Pilotako Munduko Txapelketako aurreko edizioa Euskal Herrian, Biarritzen jokatu zen 2022. urtean. Duela lau urteko ekinaldi hartan Espainiako selekzioarekin egin behar izan zuen erakustaldia Lizasok. Oraingo honetan, ordea, pozarren agertu da usurbildarra; batetik, euskal selekzioarekin jokatu ahal izango duelako, eta, bestalde, modalitate ofiziala izango delako berea. Aitortza bikoitza, beraz, usurbildarraren jardunarentzat.
"Sinestu ezinik nabil, igandean hegazkina hartuko dugula", adierazi zigun Lizasok, Loiutik Argentinarantz abiatu aurreko egunetan. Argi du, milaka kilometroetako bideak, "mereziko du". Izan ere, estreinakoz mundu mailako txapelketan parte hartuko du euskal selekzioak. "Munduko txapelketa jokatzeagatik pribilegiatuak gara. Aitzindariak izango gara. Gure izen-abizenak hor geratuko dira betiko", bere esanetan. Gogoan ditu, hautatu gabe geratu diren kideak. Deialditik "kanpo geratu direnengatik atsekabea sentitzen dugu. Ea haiek ordezkatuz, pare bat domina ekartzen ditugun".
Iaztik ari dira prestatzen egunotan jokatuko den munduko txapelketa. Iragan urte amaieran, Bilbon jokatutako nazioarteko txapelketatik hitzordu horretarako bidea zabaltzen hasi zitzaien eta "iritsi da mundiala", Lizasoren hitzetan. Bizkaiko hiriburuan iaz bizitakoaz oroitzapen ederra du. "Bakoitza bere herria edo nazioa ordezkatzen, gu erdi-erdian ginen. Oilo-ipurdia jarri zitzaigun". Nazio gisa, selekzio moduan orduan hasi ziren sentitzen aitortza, usurbildarraren esanetan.
Ordutik, azken hilabeteotan bideratu dituzte prestaketa lanak. Harridura agertu digu Lizasok egunotako erronkari aurre egiteko jarri zaizkien baliabideekin. "Ez nuen sekula halakorik pentsatuko", adierazi digu. Psikologoa, dietista... izan dute bidelagun. Psikologoaren ekarpena nabarmendu digu Lizasok. "Asko lagundu gaitu. Ez nekien zer garrantzitsua den arlo hori". Lehiarako emozioak kudeatzen, prestatzen, nahiz talde barruko harremanetarako oso baliagarria izan zaiela adierazi digu.
Abiapuntuarekiko esker onez
Lizasok lerroon bidez, esker hitzak nabarmendu nahi ditu. Urte luzeetako ahalegin itzelaren emaitza da munduko txapelketan parte hartzeko ohorea izatea. Baina bide horren abiapuntua ekarri nahi izan digu gogora. "2008an hasi ginen. Zortzikote bat bildu ginen Usurbilen", herriko frontoian. Ordutik hamaika entrenamendu saio, txapelketa eta erakustaldietan parte hartu du Lizasok. "Talde haren sortzaileei esker izan ez balitz, haien lanik gabe ez ginen honaino iritsiko". Eskerrak eman nahi dizkie Beñatek haiei guztiei. "Pozgarria izan zen Usurbilen bizitako esperientzia".
Halere, txikitatik datorkio pilotarako zaletasuna. Txirrindularitzarekin batera uztartu izan du bere kirol ibilbidea. Baikortasunez begiratzen dio iraganari. "Txikitan istripua izateak lagundu dit onartzen hainbat galera izan arren, zertan bihurtu naizen", adierazi digu.
"Pauso polita izan zen"
Egunotako txapelketaren harira, honako desioa plazaratu nahi izan du. "Ea mundu mailan zabaltzen hasi eta jendea animatzen zaigun", bere esanetan, ez baita erraza kide berriak gurpildun aulkiko kirol modalitatean jokatzera erakartzea eta daudenak mantentzea; "maila oneko jendea joan da eta datorrenak hutsetik hasi behar izaten du". Horrez gain, lesioak izaten dira eta Lizasok kontatu digunez, istripuz hanka galdutakoen kasuan, "berriro ikasi behar izaten dugu ibiltzen. Aulkia ikusitakoan, zutikako beste kirol jarduera batzuk egiten saiatzen zara". Bere kasua, halere ezberdina izan zen, eta ez da inolaz ere damutzen. "Pauso polita izan zen". Kirola egiteak fisikoki nahiz mentalki dakarren onura osasuntsua nabarmendu digu. "Buruarentzako askatasuna da eta fisikoki ez gara hain elbarrituak sentitzen".
Munduko txapelketa honen atariko hilabeteotan, talde kohesioa indartzen joan dira haien modalitatean nahiz beste jardueretan, egunotan lehiatuko diren euskal selekzioko kideekin. Elkarrizketa hauetan, azkenaldian nahiz lehendik ere kideei esan izan dien moduan, "pozten naiz honaino iritsi izanagatik. Ezbehar hau gertatu ez balitzaigu, ez ginen elkar ezagutuko, ezta jarduera honetan arituko ere. Begira orain, ze poztasuna dugun, halako esperientzia traumatikoa bizi eta hemen egoteagatik".
Ikusgarritasuna eta baliabide gehiago
Munduko txapelketaren atarian, hitzordu hau haien jarduera ezagutarazi eta jendea erakartzeko baliagarria izatea nahi luke Lizasok. "Espero dut hemendik aurrera, nazio gehiago animatzea. Lau delegazio gaude, beste modalitateetan, zortzi edo bederatzi nazio dira. Hor zailtasun gehiago dago sailkatzeko lehen postuetan".
Jardueron sustapen lanerako lagungarriak izan daitezkeen bi gako nabarmendu dizkigu usurbildarrak; batetik, ikusgarritasuna areagotzea. "Bere tartetxoa behar luke kirol jarduera bakoitzak", usurbildarraren esanetan. Horrekin batera, baliabideen beharra ere nabarmendu du, inguruotatik kanpo jokatu dutenean ikusi eta bizitzea egokitu izan zaien moduan.
Belaunaldi gazteari egin dio deia, anima daitezen jarduerotan trebatzera. "Gazteak gaztea erakarriko du. Gu irakasteko prest izango gara", Lizasok aditzera eman digunaren arabera.
Lehenago, aurrekaririk gabeko erronka izango du jokoan egunotan usurbildarrak. Historikoa izango da, euskal selekzioarentzat eta nola ez, haien izen-abizenak betiko iltzatuak geratuko diren herri honetako kirolarientzat ere; tartean, Beñat Lizaso Muxika usurbildarrarentzat.