Azken txanpan murgildua da, udaberritik tabu handienetakoa arrakalatzen diharduen "komunitatetik, heriotzaz" zikloa. Bere baitan, "Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak" iaz ekoitzitako dokumentala proiektatuko dute urriaren 18an Sutegin. "Seme-alaba baten galeraren dolua azaltzen du ikus-entzunezkoak, aitaren begiradatik. Seme-alabaren bat galdu duten lau aitaren testigantzen bidez, dokumentalak aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu". Iaz Gasteizen estreinatu zuten. "Dokumentalak mugitu ditu barrenak. Biluztu dira protagonistak kameraren argi gorriaren aurrean. Eragin ditu malkoak eta bete ditu bihotzak. Harrera ezin hobea izan da", nabarmendu zuten sustatzaileek aitatxodokumentala.eus atariaren bidez. Herriz herri proiektatzen dabiltza ikus-entzunezkoa. Igandeko Sutegiko emanaldiaren ostean, filmaren sustatzaile Anakotz Lasarterekin solasaldia izango da.
"Asko mugiarazten du"
Lasarte, dokumental horretatik eratorritako "Aitatxo" antzezlanaren gidoilaria ere bada. Berak proposatuta, sorkuntza lana zuzendu zuen Telmo Iruretak. Unax Uralderekin batera, bertako antzezlea da Alex Tello, aitaren rolean. Antzezlana "benetako gertaera batean oinarrituta dago. Bi haur hil ziren familia baten istorioa jasotzen du. Aitak, hildako seme horrekin izandako elkarrizketen bidez, dolua, maitasuna eta bizitzarekin aurrera jarraitzeko indarra erakusten dizkigu. Dolua, onarpena, bizitzaren errealitatea. Bizitza datorren bezala onartzea". Tellok kontatu digunez, "dokumentaletik kanpo geratutako zenbait pasarte sartu dira antzezlanean". Honenbestez, antzezlana ez da ikus-entzunezkoaren erreplika. "Hildako semearen eta aitaren arteko elkarrekintza" ematen da bertan, aktore herrikidearen esanetan. Bien arteko espazio hori irudikatzen du antzezlanak. "Asko mugiarazten du", ziurtatu du Tellok oholtza gaineko sorkuntza lanari nahiz dokumentalari buruz ere. Sutegiko proiekzioaz esan digunez, "oso ondo dago, indartsua da, iristen da".
Aktore gisa eginiko lanak maila pertsonalean mugiarazi ote duen galdetuta, Tellok hedabide honi azaldu dionez, bizidunak garen moduan, "urteak egin ahala guk ere baditugu gure hilak. Eramaten zaitu horretara, zure egunerokoan fisikoki ez dituzun horiekin harremantzera".
Usurbilen udaberriaz geroztik abian izan eta amaierara bidean den "komunitatetik heriotzaz" zikloa ertz askoko eta isilarazitako gai horretara hurbiltzeko lagungarria izan ote daitekeen galdetuta, baietz dio Tellok. Berari ere onuragarriak izan zaizkio esperientziok. Bere sorkuntza ibilbidean zehar, heriotzarena, presente, hurbil izandako gaia izan dela gogorarazi digu. "Heriotza jada landu dut antzerkian, "Zu Gabe" obrarekin landu nuen. "Animo" filmean lantzen dut, eta "Galerak" proiektuan ere heriotzaren gaia hor dago. Ez dakit ez ote den nire trilogia", azaldu digu irribarre artean, baina argi duena da, "nire proiektuetan oso presente egon da beti heriotza. Lan politenetan heriotzak protagonismo handia izan du".
“Komunitatetik, heriotzaz” zikloa
Urriak 18, igandea
18:00 "Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak" dokumentalaren proiekzioa Sutegin.
Azaroak 5, osteguna
18:00 "Heriotza eta kulturartekotasuna" solasaldia Sutegin.
Sarrera: gonbidapenak doan aurrez eskuragarri, usurbilkultura.eus plataforman.
Bultzatzailea: Usurbil herri zaintzailea.
Laguntzaileak: Bidegin eta Iñurri elkarteak, Hil Arte Bizi egitasmoa eta Matia fundazioa.