Urriaren 24an

“Zaintza aringarri pediatrikoak errealitatera!” prentsaurreko-kultur ekitaldia deitu dute

Noaua Aldizkaria

Urriaren 24an Sutegiko auditorioan deitutako ekitaldiaren bidez, "zaintza aringarri pediatrikoak 24/7 zerbitzu bidez" eskaintzea galdegingo dute. Porrotx eta Marimotots, Goazen! taldea, Ane Labaka, Maddi Ane Txoperena eta Yolanda Arrieta izango dira hitzorduan. Hitzordurako gonbidapenak eskuragarri dituzue.

“Zaintza aringarri pediatrikoak errealitatera!” prentsaurreko-kultur ekitaldia antolatu dute Udalak eta Gehiago Gara izeneko ekimenak astebete barru, urriaren 24an, goizeko 11:00etan Sutegiko auditorioan. Ekimen horren parte dira Hil Argi Elkartea, Bizipoza Elkartea, Bidegin Elkartea, Goizargi Elkartea, Esku Hutsik Elkartea, Heriotza Haurrekin. “Zaintza aringarri pediatrikoak 24/7 zerbitzu bidez errealitate izan dadin” galdegingo dute hitzordu horren bidez. Izan ere, "zaintza aringarri pediatrikoek haurren bizitza zabaltzen dute, luzatu ezin denean. Eta dei hori egin nahi dugu, zaintza aringarri pediatrikoak 24/7 zerbitzu bidez errealitate izan dadin".

Ekitaldian izango dira “Porrotx eta Marimotots, Goazen! taldea, eta baita Ane Labaka, Maddi Ane Txoperena eta Yolanda Arrieta ere”. Antolatzaileek iragarri dutenez, “ekitaldi laburra eta goxoa izango da eta Sutegi aretoa haur eta helduekin bete nahi dugu. Zatoz gurekin!” egin dute deia. Auditorioko ekitaldiaren ostean, “argazkia, esku-soka eta hamaiketakoa” iragarri dituzte.

Gonbidapenak labur.eus/gorde helbidean eskuratu ahalko dituzue aldez aurretik.

Gehiago Gara
Ekimen honek haurren heriotzak eragindako minari sarritan gaineratzen zaion gizarteko isiltasunak  eta "naturaltasunez jarduteko ahalmen ezak" eragindako mina gainditzea sustatu nahi du. Hartara, Gehiago Gara ekimenak "eragile bakoitzak bere alorrean haurren heriotza, eta heriotza haurrekin, naturaltasunez eta humanitatez bizi izateko jarrerak" bultzatzen dihardu alor ezberdinetan: "hezkuntzan, heriotzaren eta doluaren pedagogia zabaltzen; osasungintzan, haurren zaintza aringarriak eta egoera hauetan jardun egokiak garatzen"; "udal, elkarte eta erakunde ezberdinetan, haurren heriotza gertatzen denean beraien jardunean naturaltasunez eta humanitatez jarduteko moduak zabaltzen; eta isiltasuna eta ezintasuna gainditzen laguntzen duten beste edozein jardun gauzatzen".

Informazio gehiago, helbide honetan jaso dezakezue: hilargi.eus/gehiagogara/#garenak

Gehiago Gara ekimenarekin bat eginak dira lehen aipaturiko hainbat eragile. Sustatzaile nagusietakoa da Hil Argi elkartea. Hain zuzen, elkarte honen sortzaile Nere Erkiagak eskainitako hitzaldiarekin eman zitzaion hasiera iragan apirilean, Udalak aipatu bilgunearekin nahiz eragile gehiagorekin azarora arte antolaturiko "komunitatetik, heriotzaz" izeneko zikloa. "Heriotzaren aurrean hobeto kokatu gaitezke... gutxienekoa jakinez gero" izeneko saioa eskaini zien Sutegiko auditoriora joandakoei.

Lehenago, "Heriotzaren pedagogia: begirada berri bat beldurretik maitasunera" izeneko Bizipoza jardunaldia egin zuten iazko azaroaren 8an Sutegin. Hil Argi elkarteak ere hitzordu horretan hitza hartu zuen.