Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna

Giro eguzkitsua lagun, tipi-tapa eskualdea ezagutzen

Noaua Aldizkaria

Hainbat ibiltari ikusi ditugu igande goiz partean zehar, Buruntzaldeko Ibilbideen 18. Egun honetan.

Igande goiz eguzkitsua izan dugu gaurkoa, urriaren 18koa. Horren harira, hainbat herritar izan dira inguruotara oinez ibiltzera irtendakoak. Hainbat bisitarirekin gurutzatu dira. Izan ere, Buruntzaldeko Ibilbideen 18. Eguna izan da gaurkoa. Eskualdea oinez zeharkatzeko aukera aparta eskaini dute Andoaingo, Lasarte-Oriako, Urnietako eta Usurbilgo Udalek, eragile gehiagorekin lankidetzan.

Aipatu lau udalerriok lotzen dituzten bideetan barrena osteratxoa egin dute hainbat lagunek. Bidean zehar egindakoa partekatu ahal izan dute, aipatu herri guztiotan jarritako antolatzaileen postuetan. Gune horietan, informazioa jaso, ura zein mokadutxoa egin eta txartela zigilatzeko aukera izan dute parte hartzaileek. Izan ere, ekimen honek lau udalerriok izan ditu abiapuntu eta helmuga. Abiatzerakoan, parte hartzaile bakoitzak hitzorduko txartela zigilatzeko aukera izan du, eta gauza bera egitekoa baita, helmugan ere.

Helmugetako bat zen hain zuzen, albiste honi atxikitako irudikoa, Santueneako zubi ondokoa. Lagun talde bat iritsi berria zen, irudi hau ateratako unean.

Buruntzaldeen Ibilbideen Egun honen hemezortzigarren edizio honek ere jarduera fisikoa sustatu eta eskualdeko natura- eta landa-eremua zein aipatu udalerrion arteko lotuneak sakonago ezagutzeko aukera eskaini du.

Guztira, bost ibilbide osatzeko aukera egoten da, "baso, baserri, baseliza eta natura- zein kultura-intereseko beste hainbat gunetatik igarotzen diren bide eta pistetan barrena".

Gogoan izan, antolatzaileek egunotan azaldu moduan, "ibilbideak gezi eta zutoinen bidez seinaleztatuta daude, eta udalerri bakoitzean trazatu, profil eta distantziei buruzko informazioa duten panelak daude". Honenbestez, egun seinalatua gaurkoa izan arren, noiznahi egin ahalko duzue osteratxoa aipatu eskualdeko bideotan barrena.

Eskualdean barrena ibilaldiak egiteko aukera
Bideetako seinaleztapena, udalerri bakoitzaren kolorean: Andoain urdina, Lasarte-Oria urrea, Urnieta berdea eta Usurbil laranja. Udalerri guztietan bideei buruzko informazio panelak.

Ibilbideak:
ANDOAIN – LASARTE-ORIA.
Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. Koloreak: urdina eta urre zaharra; 7,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – USURBIL. Andatzatik barrena. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – USURBIL. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 4,5 kilometro Santuenearaino eta 9 kilometro Aginagaraino. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

Lagungarria: Navi Ruta izeneko aplikazioa dago, telefono mugikorrentzat egokia dena; honen bidez Buruntzaldeko ibilbideetako edozein egiterakoan, sistemak modu jarraituan emango duen informazioa (kokapena, jarraitu beharreko norabidea, interes-guneak…) jaso ahal izango da. Aplikazioa deskargatzeko eta ibilbide bakoitza aktibatzeko udalerri bakoitzean jarriak dauden paneletan jarritako QR kodeak eskaneatu beharko dira.