Urriaren 22tik aurrera

“Euskarari Puzka” egiteko Errigoraren kanpaina ate joka

Noaua Aldizkaria

Urriaren 22tik aurrera eskatu ahalko dituzue, Errigoraren urteroko bigarren kanpainako produktuak.

Bueltan da, Errigorak urtean bitan egin ohi duen kanpaina; kasu honetan, udazken partekoa, “Euskarari Puzka” aldarripean bideratzen dutena. Gogoan izan, Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktuak erostearen truke jasotako laguntzaren laurdena, eremu hartako euskalgintzara bideratuko dute.

Iaz bezala, hiru saski izango dira aukeran oraingoan ere. Baina bada berrikuntzarik. Izan ere, gutxienez produktuon kutxa bat erostearen truke, “Euskararen haziak ereiten” izeneko 2027ko egutegi landagarria ere eskatu ahalko da 10 eurotan, Lodosako ikastola laguntzeko. “Nafarroako Goi-Erriberan euskara erein eta loratzeko helburuz, hamarkadetan zehar, lan ederra egin du Lodosako Ibaialde ikastolak. Aurtengoa ez da urte erraza izan haientzat”, Errigoratik azaldu dutenez. Horregatik, landatu daitezkeen orriez osaturiko egutegia prestatu dute. Erositako egutegi bakoitzetik jasotako laguntzaren erdia Ibaialde ikastolara bideratuko dute.

Beste behin, NOAUA! K.E.-k bat egin du Errigoraren ekimenarekin. Eskaerak egiteko aukera eskaintzeaz gain, eskatutakoa jasotzeko gunea izango da kultur elkartearen egoitza.

Errigoraren “Euskarari Puzka” Kanpaina
Saskiak:
-Beltza: 60 eurotan, ardo beltz gaztea, ilarrak, kardua, mahats zukua, oliba olioa, orburuak, patxaran mantekatuak, pikillo piperrak, potxak, teilak, zainzuriak.
-Berdea: 65 eurotan, dilista lehorrak, oliba olioa, orburuak, ozpina, pasta, pikillo piperrak, sagar zukua, tomate frijitua, txitxirioak, txokopipitak, zainzuriak, kuia krema.
-Gorria: 75 eurotan, ardo beltza (18 hilabetez barrikan), ardi gazta, ardo txuria, molineritoak, oliba olioa, patxarana, pikillo piperrak, polboroiak, turroia, zainzuriak.
-2027ko egutegi landagarria: gutxienez kaxa bat erostearen truke, “euskararen haziak ereiten” izeneko egutegi landagarria 10 eurotan eskuratzeko aukera.

Eskaerak: urriaren 22tik azaroaren 12ra arte, errigora.eus bidez nahiz NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
Banaketa aurreikuspena: abendu hasiera.


Dokumentala
Errigorak kanpaina bete-betean izango duen honetan, bere dinamika ezagutarazteko ekoitzitako “Sustraitik Espaziora” izeneko dokumentala proiektatuko dute Usurbilgo Udalak eta udalerri kide duen UEMA-k. Azaroaren 1ean izango da, arratsaldeko 18:00etan Sutegiko auditorioan. "2013an ospatu zuen Errigorak lehen Euskarari Puzka kanpaina, Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzak bizi zuen larritasun ekonomikoaren aurrean, Euskal Herri osoko elkartasuna ehuntzea helburu zuena. Hamahiru urte beranduago, beharrak hor dirau. Hala ere, hamar urteko bidean erein diren haziak ere hasiak dira loreak ematen. Dokumental honen bitartez, Errigoraren jarduna eta hausnarketak barrutik ezagutuko ditugu: kontserba-etxeko produkzio-lerrotik hasi eta euskararen aldeko Santxikorrota lasterketaraino. Hamaika bilera, auzolan, banaketa, ezintasun… begi-bistan".