"Euskal Herritik Euskal Herrirako deialdia izan behar duela sinetsita", LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU sindikatuek Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistarekin batera, azaroaren 11rako etxebizitza eskubide duinaren aldeko greba orokorrerako deialdia erregistratu zuten iragan astean.
Sindikatuon esanetan, "azaroaren 11n, etxebizitza eskubidea bermatu dadin eta espekulazioari ezetz esateko eguna izan dadin deia egin dugu"; horrez gain, "baita langileon pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde, eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan".
Greba orokorreko egun horri begira, Etxebizitza Asanblada deitu du eskualdeko LAB sindikatuak ostegun honetarako, urriaren 22rako, arratsaldeko 18:30etan Hernaniko Biteri Kultur Etxean. "Euskal Herrian etxebizitza eta soldata duinak denontzat" aldarripean egingo duten asanbladara joateko deia egin du aipatu sindikatuak. "Zatoz LAB-en Etxebizitza Asanbladara greba orokorra antolatzera!".
Aipatu sindikatutik iragarri moduan, "azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu. Greba orokorra egingo dugu pobretzearen eta errentismoaren aurka, eta Euskal Herrian denok soldata duina eta etxebizitzarako sarbidea izan dezagun". Bide batez, "eskuin muturraren agendaren aurkako greba" ere izango dela jakinarazi du. "Izan ere, bete-betean bizitzen ari gara talka bat: batetik, sakoneko birbanaketa politiken, gehiengoen interesen, eskubideen zabalpenaren, eta, oro har, bizitzaren aldeko defentsa; eta, bestetik, pribilegiatuen, errentismoaren, negozioaren eta kapitalaren agenda erreakzionarioa".
Horretarako, "egoera iraultzeko, sakoneko aldaketak behar ditugu, eta horiek aldarrikatuko ditugu. Euskal Herrian badira baldintza objektiboak eta subjektiboak egiturazko aldaketak eragiteko" ziurtatu du LAB-ek.
"Langileen aldeko politikak ezartzeko"
Greba "EAEko eta Nafarroako gobernuei eta patronalei" zuzendurikoa izango dela jakinarazi du sindikatu abertzaleak. LAB-en esanetan, " lan eremuan patronalak langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen du, eta uko egiten dio hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari, eta, etxebizitzaren eremuan, higiezinen patronalak langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen du".
Bestalde, "EAJri eta UPNri exijituko diegu Madrilen zein Euskal Herrian langileen prekarizazioan sakontzen duten neurriak ezartzeari uzteko, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatuko diegu langileei bizkarra ematen dieten neurriak ezartzeari uzteko, eta langileen aldeko politikak ezartzeko"; horien artean, tokiko errealitatera egokitutako soldata duina (2026an, gutxienez, 1.500 eurokoa), "erosahalamena mantenduko duten soldata igoerak eta soldata arrakalekin amaitzeko egiturazko neurriak eskatuko ditugu, baita soldata mantenduz lanaldi murrizketak ezartzea ere".
Etxebizitza politikei dagokienean, eskaerok plazaratuko dituzte azaroaren 11ko greba orokorrean; "errentismoarekin eta negozioarekin amaitzeko egiturazko neurriak exijituko ditugu: alokairu kontratu mugagabeak; alokairuen prezioak jaitsi eta merkatuan esku hartu; etxegabetzeekin amaitu; funts putreak desjabetu eta Euskal Herritik kanporatu; espekulazioa debekatu; eta parke publikoa defendatu eta handitu".