Arrobitxulo egitasmoa Europa mailan saritu dute, Usurbilgo Udalak albiste honi atxikitako argazkiak helaraztearekin batera jakinarazi moduan. Europako NEB ("New European Bauhaus Prizes") saria irabazteko hautagaia zen, eta eskuratu du. 20.000 biztanlez azpiko udalerrietako proiektuak saritzen ditu Europako Batzordeak bultzatutako "NEB Boost for Small Municipalities" izeneko egitasmoak, "proiektuen hastapenetan izan ditzaketen oztopoak gainditzen lagundu eta bultzada emateko: proiektuek NEB ekimenaren balioekin eta lan printzipioekin bat egin behar dute" , Udaletik azaldu dutenez.
Bruselara joan zen udal ordezkaritza bat iragan urriaren 15eko eta 16ko sariketara. Izan ere, Europa osoko egitasmoek parte hartu dute sariketan. Puntuazio handieneko 30 egitasmoen zerrendan sartu zuten Arrobitxulo eta Bruselan, sarituen artean. "Sari hau Arrobitxulo proiektua abiatu, bultzatu eta ekarpenak egin dituzten guztien lanari esker izan da: zuena da sari hau!”. adierazi dute Udaletik.
Jon Mikel Azpiazu Gazteria eta Kultura zinegotziak jaso zuen saria. "Nabarmendu zuenez, herriko kultur eta gazte eragileek bultzatutako proiektu honek herritarren arteko topaketa, ezagutza eta elkarlana ahalbidetuko ditu, euskal kulturaren transmisioa bultzatzearekin batera".
Etorkizunean, Elkarguneak komunitate izaera sendotzeko duen bokazioa gaineratu zuen Azpiazuk. Izan ere, " gero eta indibidualagoa den gizarte joera higatzeko ahalegina da".
Hiru balio
Bruselako hitzorduaren helburua hain zuzen, sariketatik haratago, "30 proiekturen ordezkariak elkartu eta esku artean dituzten erronkak gainerakoekin konpartitzea da" Udaletik jakinarazia zuten moduan.
2021etik du abian sariketa Europako Batzordeak baina "NEB Boost for Small Municipalities deialdia, udalerri txikiei zuzendutakoa, berriz, iaztik. NEB kontzeptua hiru balio edo filosofiak osatzen dute: iraunkortasuna (ingurumen helburuak, zirkulartasuna, kutsadura murriztea edo bioaniztasuna), inklusibotasuna (aniztasuna eta irisgarritasun segurua) eta proiektuen edertasuna eta kalitatea pertsonen onurarako baliatzea. Lan printzipioak, aldiz, partaidetza, maila anitzeko komunitatearen inplikazioa eta diziplinartekotasuna dira".
