Udazkena liburutegian

Liburutegien Eguna, kontakizun giroan ospatuko dute Sutegin

Noaua Aldizkaria

Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa antolatu du Sutegi udal liburutegiak urriaren 23rako.

Urriaren 24ko Liburutegien Eguna bezperan ospatuko dute Sutegin, herrikide baten eskutik gainera. Izan ere, hilaren 23an Ixabel Agirresarobek ipuin kontaketa saioa eskainiko du 16 urtetik gorakoentzat. "Nork esan du ipuin (kontaket)ak haurrentzako bakarrik direla? Zu, gazte/heldu, ostiral honetan, 18:30etan, Sutegi liburutegira gerturatzen bazara, uste hori erdia ustela dela ikus-entzungo duzu!", iragarri dute.

Saio horren ondotik, eskaintza zabala iragarri dute udal liburutegikoek udazken honetarako. Segidan duzue egitarau osoa. Tartean, datorren azaroa hasierarako bi eguneko "Beti Ikasten!" izeneko zikloa iragarri dute, "guraso, irakasle eta hezitzaile ororentzat hausnarketarako topagunea" izan nahi duena. Irakurmena eta pantailak izango dituzte mintzagai saio horietan.

Hona hemen, asteotarako iragarritako ekimen zikloa:

Udazkena liburutegian
Urriak 23, ostirala
18:30
Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa 16 urtetik gorako gazte eta helduentzat.

Urriak 27, asteartea
18:30
Kultura matrilineala ezagutzera emateko hitzaldia.
Antolatzailea: Aitzinera elkartea.

Urriak 28, asteazkena
18:00
“Ameli eta Xirrikituren jostunak” ipuin kontaketa saioa, Amaia Elizagoien eta Irati Celestinoren eskutik.

Azaroak 2, astelehena
18:00 "Irakurri, zertarako?" hitzaldi-solasaldia, Yolanda Arrietarekin.

Azaroak 3, asteartea
18:00 "Pantailekin, zer egin?" hitzaldi-solasaldia, Mikel Cerezoren eskutik.

Azaroak 9, astelehena
18:30 Literatura solasaldia Alaine Agirrerekin.
Zehaztasunak: "Mintzagai izango dugun liburua, Alaine Agirreren "Euri eta ateri" izango da. Idazlea gure artean izango da. Jada eskuragarri ditugu liburutegian aipatu liburuaren hainbat ale". 

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.