SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bost greba egun iragarri zituen udazken honetarako Osakidetzan, urriaren 30ean hasi eta abenduaren 14ra arte. Greba dinamika horren lehen eta azken egunean Osakidetza osorako egina dute greba deialdia. Tarteko hiru egunetan, abenduaren 9tik 11ra bitarte, herrialde mailakoak izango dira deialdiok; Gipuzkoakoa, abenduaren 11rako iragarri dute.
Egun, "lan-baldintzen akordioa eguneratzeko eta langileen ordainsariak hobetzeko" mahai gainean ez dagoela inolako proposamenik jakinarazi dute sindikatuok, "Osakidetzak kontrako itxura eman nahi izan badu ere". Horregatik, "Osakidetzari eskatzen diogu benetako edukiak jorratu ditzala Mahai Sektorialean, eta proposamen zehatzak eta sakonekoak egin ditzala osasun publikoan lan egiten duten kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzeko".
"Haien borroka ere gurea da"
Sindikatuon greba deialdi eta mobilizazioak babestu egingo dituela jakinarazi dute Osasungintza Publikoaren Aldeko Plataformek; tartean da eskualde honetakoa, Donostialdekoa (DOPA). "OPA Herri Plataformak Osakidetzako sindikatu gehienek deitutako mobilizazioak eta grebak babesten ditu, langile guztien lan-baldintzak hobetzeko eta kalitatezko osasun publikoa defendatzeko, murrizketarik eta pribatizaziorik gabe", jakinarazi dute. Izan ere, gogora ekarri duten moduan, "lan-baldintzak hobetzeak, gainkarga murrizteak eta plantilla nahikoak eta egonkorrak bermatzeak asistentziaren kalitatea eta, ondorioz, gure osasuna hobetzen dute". Horregatik diotenez, "ez da inoren borroka, Osakidetzan lan-baldintza duinak defendatzea guztion osasuna defendatzea baita".
Ondorioz, argi adierazi duten moduan, "haien borroka ere gurea da. Horregatik, OPA Herri Plataformak kalean egongo da, Osakidetzako langileekin batera".
"Asistentzia-gainkarga eta ezegonkortasun handia"
Ziurtatu dutenez, Osakidetzan bizi duen "degradazioa ez da kasualitatea. Erabaki politiko kontzienteei, murrizketen eta pribatizazioen hamarkadei, planifikazio faltari, inbertsio eskasari eta Eusko Jaurlaritzak negoziazio kolektiboa blokeatzeari erantzuten die".
Gogora ekarri dutenez, "Osakidetzak 17 urte baino gehiago daramatza langile guztientzako lan-baldintzak arautzen dituen akordioa berritu gabe. OPAren ustez, lan-baldintzen narriadurak langile falta eta profesionalak erakartzeko eta mantentzeko zailtasunak eragiten ditu". Ondorioz, langileon lan-baldintzek herritarrok jasotako asistentziaren kalitatean zuzenki eragiten dute, OPA-tik gogorarazi dutenez. "Plantilla ez nahikoek gero eta handiagoa den asistentzia-gainkarga eta ezegonkortasun handia jasaten dute, eta horrek ere kalte egiten die herritarrei. Langileen txandakatze handiak hautsi egiten du profesional berarekiko asistentziaren jarraitutasuna, eta hori funtsezkoa da Lehen Mailako Arretan. Larrialdietara bisita gehiago egitearekin, ospitaleratze gehiagorekin eta hiltzeko arrisku handiagoarekin lotzen da galera hori".
Ildo horretan, "aparteko orduek, pribatizazioak, zentro pribatuetara bideratzeek eta lankidetza publiko-pribatuak ez dituzte konpontzen langile falta eta osasun publikoaren egiturazko arazoak. Baliabide publikoak negozio pribatura desbideratzeak osasun sistema publikoa ahultzen du".
"Langile guztiak ezinbestekoak"
Egoera hau aldatzeko, "pribatizazioak geldiarazi eta kanporatutako zerbitzuak berreskuratu behar dira" OPA-koen esanetan. Onartezintzat jo dute ohar bidez, osasuna "diruaren mende" egotea, "ezta osasun pribatura jotzeko dugun gaitasunaren mende ere. Pertsona guztiok dugu osasun-arreta duina, hurbila eta behar dugun denborakoa jasotzeko eskubidea, gure diru-sarrerak edo gizarte-egoera edozein direla ere".
Horren aurrean, "kategoria guztien arteko talde lana defendatzen dugu, elkar aitortuz eta errespetatuz. Langile guztiak ezinbestekoak dira kalitatezko arreta bermatzeko". Horrekin batera, Lehen Mailako Arreta erdigunean jarriko duen osasun eredua defendatzen du OPA-k, "hurbilekoa eta irisgarria, ekipo egonkorrekin, baliabide nahikoekin eta entzuteko, artatzeko eta jarraipena egiteko denborarekin. Prebentzioa eta osasun komunitarioa lehenesten dituen eredu bat, gaixotasuna agertzen denean tratatzera mugatzen ez dena".
Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari eskatzen die "benetako negoziazio bat plantilla osoarentzat eta neurri eraginkorrak Osakidetza indartzeko, haren narriadura geldiarazteko eta osasun publiko, unibertsal eta kalitatezkoa bermatzeko, hizkuntza eskubideak errespetatuko dituena, murrizketarik eta pribatizaziorik gabe. Ez dugu utziko guztiona den osasun publikoa galtzen".
Greba deialdia Osakidetzan
Greba egunak: urriaren 30ean eta abenduaren 14an Osakidetza osoan, abenduaren 9an Araban, abenduaren 10ean Bizkaian eta abenduaren 11n Gipuzkoan.
Sindikatuok aldarri nagusiak:
- Hitzarmena berehala negoziatzea, 18 urte baino gehiago igaro ondoren osorik eguneratzeko, honako gai hauek barneratuz:
- Kolektibo guztien ordainsariak eguneratzea, soldata hobetuta, galdutako eros-ahalmena berreskuratzera bideratuta.
- Lanaldi arrunta murriztea, urteko ordu-kopurua eta/edo asteko 35 orduak hobetzeko unea da.
- Lizentzia eta baimenetan benetako aurrerapausoak ematea.
- Profesionalen arteko desberdintasunak ezabatzea eta irizpide bateratuak aplikatzea Osakidetzako ESIetan.
- Behin-behinean, SMErekin sinatutako akordioan jasotako neurriak langile guztiei zabaltzea beraien egoerarekin bateragarriak badira.
- Zerbitzuen araberako plantilla-beharren azterketa egitea, egiturazko defizitak identifikatu ahal izateko.
- Belaunaldi-errelebo eta talentua erakartzeko plana diseinatzea eta martxan jartzea.
- Autokontzertazioa eta aparteko orduak progresiboki murriztea eta ezabatzea.
- Sindikatu guztiekin Lehen Arretako eredu berriari ekitea.
- Adinari lotutako konpentsazio-neurriak barne hartzen dituen lan-ibilbidea ezartzea.
- Bateraezintasun-sistema kontrolatzeko eta gainbegiratzeko mekanismoak indartzea.
- Osasun publikoaren pribatizazioaren eta externalizazioaren aurkako neurriak.
- Lan osasuna: langileen lan-karga handiak eta arrisku psikosozialak ebaluatzeko eta arintzeko neurriak.
- Euskalduntze-plana, herritarrek eta Osakidetzako langileek euskaraz lan egiteko eta bizitzeko dituzten eskubideak bermatuko dituena.
- Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako neurri eraginkorrak eta aurrekontuan aurreikusitakoak.
