Izen-ematea zabalik

Egunez aldatuta itzuliko da 2027ko 15. Irisasi BTT

Noaua Aldizkaria

2027ko urtarrileko azken igandean ez, azken larunbatean jokatuko da Irisasi BTT proba. Aldaketa horren zergatia azaldu dute antolatzaileek sare sozialen bidez. "Arrazoi on" bat dute. Horren ondorioz, zabaldu berri duten izen-ematean ere berrikuntzak txertatu dituzte.

Sorreratik, urtarrileko azken igandean jokatu izan da Irisasi BTT Hotzak Akabatzen. Hala izan da hamalau edizioetan. Aldiz, "hamabosgarren edizio hau berezia izatea nahi dugu", jakinarazi dute antolatzaileek. Orain arteko logikari segita, hamabosgarrena 2027ko urtarrilaren 31n izan beharko luke, baina ez da hala izango. Izan ere, bezperan, hilabete horretako azken larunbatean, hilaren 30erako ari dira antolatzen mendiko bizikleta gaineko proba. Hala jakinarazi dute sare sozialen bidez. "Aurtengo edizioa berrikuntzekin dator! Lehen aldiz larunbatean ospatuko da", berri eman dute.

Aldaketa horren zergatia azaldu nahi izan dute. Izan ere, "arrazoi on" bat dutela eman dute aditzera. "Probaren ondoren, bazkari bat egingo dugu lasai, denok batera eserita". Aurretik eginiko zeharkaldiko parte hartzaileek bizipenak partekatzeko aitzakia izatea nahi dute.

Horren ondorioz, berrikuntza nabarmen hori txertatu dute izen-emateko deialdian. Hau da, 2027ko urtarrilaren 30eko probarako izena ematerakoan, "bazkarira etorriko zareten ala ez erantzun beharko duzue". Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "bakarrik etorri nahi ez dutenek ere izango dute gertukoekin etortzeko aukera. Izan ere, izen-ematean bertan txartel gehiago erosteko aukera emango da 5 euroren truke (parte hartzaileek ez dute ordainduko)".

Adi izena ematerakoan
Berrikuntzokin ospatu nahi dute, hiru hilabete pasatxo barru egingo duten 15. Irisasi BTT proba. "XV. edizio hau berezia izatea nahi dugu. Animatu gurekin egun handi hau ospatzera!", egin dute gonbita.


Dagoeneko 2027ko urtarrilaren 30eko 15. Irisasi BTT probarako izen-ematea zabalik dute kronoak.com atarian, 30 euroren truke. Prezio horren barne sartuko da parte hartzailearentzako bazkaria. Izena ematerako unean parte hartzaileak gonbidatuekin joan nahi badu otordura, une horretan eskuratu beharko ditu sarrerak 5 eurotan. Inskripziorako une berean zehaztu beharko du baita kamisetaren neurria ere.

Probaren izaera ez da aldatuko edizio borobil honetan. Urtero gogorarazi moduan, zeharkaldi hau ez da lehiakorra izango, lagunartekoa baizik. Proba 2027ko urtarrilaren 30ean jokatuko da. Goizeko 9:00etan abiatuko dira parte hartzaileak Mikel Laboa plazatik.