Azaroaren 21ean

Haurren eskubideak izango ditu hizpide Bizipozaren hamargarren jardunaldiak

Noaua Aldizkaria

Azaroaren 21ean egingo da Sutegin, "nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealitate bihurtu?" izeneko Bizipoza jardunaldia. Izena emateko tartea ireki dute antolatzaileek.

Gaurkotasun eta interes nabarmeneko gaiak ekarri ohi ditu Bizipoza elkarteak urtero gure artera, azaroan antolatu ohi dituen jardunaldien bidez. Borobila izango da aurtengoa, hamargarrena  hain zuzen. Oraingo honetan ere, bizipozetik, ertz askoko eta sakonera handiko gaia izango dute mintzagai: "nola kokatu haurren eskubideak erdigunean? Eta errealiate bihurtu?". Hortxe jardunaldiaren izenburua. Azaroaren 21erako antolatu dute, 09:30-13:30 artean Sutegin. Izen-ematea jada zabalik dute. Esteka honetan bidera dezakezue: labur.eus/bizipoza10

Edizio honek badu berrikuntzarik. Izan ere, oraingoan bi jardunaldi egun antolatu ditu Bizipoza elkarteak; hilaren 21ean Usurbilen, eta astebete geroago, azaroaren 28an Bilbon. Izan ere, Bizkaiko hiriburuan elkarteak egoitza izango du etorkizunean. "Aurten, haurren eskubideak izango ditugu hizpide", aurreratu dute antolatzaileek. Iragarri dutenez, "haurren bizi-proiektuak garatzeko beharrezkoak diren eskubideen inguruan hausnartu eta bidea egingo dugu elkarrekin".

Bizipoza elkarteak antolaturiko Usurbilgo jardunaldiaren laguntzaileak dira Usurbilgo Udala, Kutxa Fundazioa, Rural Kutxa, Irizar, Maier, Mitxelena, LagunAro eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Elkarteen topagunea
Antolatzaileek gogora ekarri moduan, "urtero antolatzen diren jardunaldiek helburu bikoitza dute: elkarte guztiak elkartu eta bakarrik ez daudela, elkarren babesa sentitzea helburu dute batetik. Bestetik, elkarteen interesekoak diren gaiak landu, esperientziak partekatu, eta mahainguruetan parte hartuz , tresna desberdinak eskuratzea dute helburu".

Askotariko elkarteen bilgunea da Bizipoza. Izaera bereziko gaiak azalaraztea du erronken artean, "ume zein heldu euskararen bidez sentsibilizatuz". Horrekin batera, "errealitate horiek lantzen dituzten elkarteei laguntza afektiboa ez ezik, eguneroko lanerako dituzten premiei erantzuteko baliabide funtzionalak lortzeko laguntza" eskaintzen dihardute. Azkenik, "gizartegintzan euskaraz eta bizipozez jardun nahi duten herritarrei auzolan egitasmo eraginkorra" eskaintzen die, "boluntario sare bat osatuaz". 

Helburuok bideratzeko, beste hainbat ekintzen artean, lerrootan mintzagai ditugun jardunaldiok antolatzen ditu. Iazkoan, heriotzaren pedagogia izan zuten hizpide. Aurreko edizioetako jardunaldien berri esteka honetan eskura dezakezue: https://bizipoza.eus/jardunaldiak/ . Atari berean, Bizipoza elkarteari buruzko informazioa jaso dezakezue.