"Etxegabetzeak gelditu" edota "etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko" aldarrien artean, "benetakoa eta integrala" izango den konponbidea galdegin zuen auzi honentzat hilabete hasieran Ernai gazte antolakundeak, Lasarte-Orian eginiko eskualde mailako elkarretaratzean. "Etxebizitza duinaren aldeko borrokan ekarpena egiteko ez ezik, ultraeskuinaren aurkako erantzun gisa aurkeztea" ere funtsezkotzat jo zuen Ernaik aipatu mobilizazioa.
Etxebizitza duina izateko eskubidearen alde azaroaren 11rako greba orokorra deitua dagoen honetan, egun horri begira biltzeko deia egin du Ernai Usurbilek. Ostiral honetan, urriaren 23an, arratsaldeko 16:30etan Gazte Lokalean elkartzeko deia egin du, "etxebizitza duinen alde, Euskal Herrian urrats bat aurrera!" aldarripean. Izan ere, sare sozialen bidez jakinarazi moduan, "etxebizitzen auziaren aurrean gazteok badugu zeresana!". Horregatik, etziko bilkuran, "gazteon kezkei eta beharrei erreparatuz, greba orokorrari forma emango diogu".
Deialdiarekin bat egiteko gonbita egin du Ernaik. "Batu gurekin etxebizitza duinen aldeko borroka honetara", deitu dute.
LAB-en asanblada
Gogoan izan, denontzako etxebizitza eta soldata duinen alde, "Euskal Herritik Euskal Herrirako deialdia izan behar duela sinetsita", LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU sindikatuek Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistarekin batera, azaroaren 11rako etxebizitza eskubide duinaren aldeko greba orokorrerako deialdia erregistratu zuten iragan astean.
Sindikatuon esanetan, "azaroaren 11n, etxebizitza eskubidea bermatu dadin eta espekulazioari ezetz esateko eguna izan dadin deia egin dugu"; horrez gain, "baita langileon pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde, eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan".
Greba orokorreko egun horri begira, Etxebizitza Asanblada deitu du eskualdeko LAB sindikatuak ostegun honetarako, urriaren 22rako, arratsaldeko 18:30etan Hernaniko Biteri Kultur Etxean. "Euskal Herrian etxebizitza eta soldata duinak denontzat" aldarripean egingo duten asanbladara joateko deia egin du aipatu sindikatuak. "Zatoz LAB-en Etxebizitza Asanbladara greba orokorra antolatzera!".
Aipatu sindikatutik iragarri moduan, "azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu. Greba orokorra egingo dugu pobretzearen eta errentismoaren aurka, eta Euskal Herrian denok soldata duina eta etxebizitzarako sarbidea izan dezagun". Bide batez, "eskuin muturraren agendaren aurkako greba" ere izango dela jakinarazi du.
Greba "EAEko eta Nafarroako gobernuei eta patronalei" zuzendurikoa izango dela jakinarazi du sindikatu abertzaleak.
Etxebizitza politikei dagokienean, eskaerok plazaratuko dituzte azaroaren 11ko greba orokorrean; "errentismoarekin eta negozioarekin amaitzeko egiturazko neurriak exijituko ditugu: alokairu kontratu mugagabeak; alokairuen prezioak jaitsi eta merkatuan esku hartu; etxegabetzeekin amaitu; funts putreak desjabetu eta Euskal Herritik kanporatu; espekulazioa debekatu; eta parke publikoa defendatu eta handitu".