Usurbilgo erdigunetik urrun egon arren, udalerri barruan kokatua dago Aritzetako gasolindegia. Bertako langileek grebara jotzea erabaki dute berriz, lan-baldintzak hobetzea galdegiteko. Moeve gasolindegiko langileez ari gara. "Langileek hainbat hilabete daramatzate enpresaren barne ituna negoziatzen", LAB sindikatutik jakinarazi dutenez.
Aldiz, "konpainiak langileen lan-baldintzak duintzeko behar adina aurrerapauso" ez ditu eman, aipatu sindikatuaren esanetan. Ondorioz, uda partean, uztailetik irailera hiru greba ziklo egin zituzten Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileok; tartean, Aritzetako lantokikoek. Tarte horretan, "greba ziklo horien jarraipena ia erabatekoa izan da, eta horrek indartu egiten ditu langileen aldarrikapenak enpresaren aurrean".
Aipatu sindikatutik jakinarazi dutenez, ordea, "konpainiak entzungor egin die langileen aldarrikapenei eta, beraz, beste greba ziklo bat iragarri dute langileek", urriaren 27tik abenduaren 23ra.
Hiru ziklotan bideratuko dute greba deialdi hau: urriaren 27ko gaueko 22:00etan hasi eta hilaren 29ko gaueko 22:00ak arte; azaroaren 23ko gaueko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko gaueko 22:00ak arte; eta, azkenik, abenduaren 21eko gaueko 22:00etan hasi eta abenduaren 23ko gaueko 22:00ak arte. 48 orduko hiru greba ziklo iragarri dituzte, beraz. Egunotan zehaztekoak dira, greba egun horietako mobilizazio nagusiak noiz eta non egingo dituzten.
Guztira, 150 langile ditu Moeve lantegiak Gipuzkoako gasolindegietan. Langileen batzordea LAB sindikatuko bost ordezkarik eta ELAko hiruk osatzen dute.