Usurbil K.E., ETB-ren "Biba Zuek" saioan

Noaua Aldizkaria

Usurbil Kirol Elkarteak hitza hartuko du ostiral honetako, urriaren 23ko Euskal Telebistaren "Biba Zuek" saioan.

Usurbil Kirol Elkartetik jakinarazi dutenez, herriko kirol bilgunea telebistan agertuko da etzi. Izan ere, Euskal Telebistak astelehenetik ostiralera, 15:20-19:00 artean zuzenean eskaintzen duen "Biba Zuek" saioan parte hartuko dute. "Urriaren 23an, Julen Nazabal Aisa Usurbil KEko kirol arduradunak eta Araitz Mendiluze Saizar klubeko eta Euskal Eskubaloi Selekzioko jokalariak eskubaloiaz eta klubaren proiektuaz hitz egingo dute", iragarri dute Usurbil K.E.-tik.

Aipatu kirol elkartetik Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztutako saioarekin bat egitera deitu dute. "Herritar guztiak animatu nahi ditu saioa ikustera eta gure herrikideei babesa ematera. Egin bat Usurbilgo eskubaloiarekin", egin dute gonbita.

ETB-ren euskarazko telebista katean hitza hartuko dutenetako bat izango da Araitz Mendiluze. Euskal selekzioan jokatzeko deia jaso du, baina ez da bakarra. "Usurbil KEko beste 21 jokalari ere deitu dituzte dagoeneko Euskal edo Gipuzkoako selekzioekin parte hartzeko. Guztira, beraz, 22 jokalari dira, klubaren harrobian egiten den lanaren erakusgarri".

Topaketa eta neurketak
Ostiraleko telebista agerraldiaren ondotik, hainbat neurketa iragarri ditu Usurbil K.E.-k asteburura begira; horien artean, benjaminen eta alebinen topaketa.

Eskubaloia
Oiardo kiroldegian
Urriak 24, larunbata
09:30 Jubenil mutilak: Usurbil K.E. B-Karibe Berri Legazpi
11:15 Jubenil neskak: Cortes Usurbil K.E.-I&D Trans Bidasoa Irun
16:00 Senior neskak: Urbil Usurbil K.E.-Deuko Izarra Elgoibar

Urriak 25, igandea
08:45-14:15 Benjaminen eta alebinen topaketa.

Oiardo kiroldegitik kanpo
Urriak 24, larunbata
10:00 Kadete neskak: Amaro Eraikuntzak Elgoibar-Usurbil K.E.
10:00 Kadete mutilak: Gran Camping Zarautz ZKE-Usurbil K.E.
11:30 Jubenil mutilak (Euskal Liga): Gran Camping Zarautz ZKE-Usurbil K.E. A
12:30 Infantil mutilak, Zarauzko Antoniano kiroldegian: MBE Trans Euskadi Group ZKE-Usurbil K.E.
18:00 Senior mutilak, 1.nazionala, Loyolan: BM Loyola-Saizar Usurbil K.E.