"Udalak auzia ahalik eta lasterren argitzea espero du"

Noaua Aldizkaria

2025eko martxoan Osinaldeko goi-tentsioko lineako ezbeharrari lotutako ikerketa berriz zabaltzea erabaki du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, hainbat hedabideek jakinarazi dutenez. Udalak oharra kaleratu du.

2025eko martxoaren 8an, Osinaldeko Erribera kalean dagoen goi-tentsioko dorrera igo ziren 11 eta 15 urteko bi gazte. Bertan elektrokutatu eta astebetera hil egin zen haietako bat, larriki zauritu ostean.

Gertaera hura berpiztu duen albistea zabaldu dute azken orduotan, hainbat hedabideetan. Izan ere, ikerketa berriro irekitzea agindu du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Honenbestez, aipatu auzitegiak instrukzio-epaitegiak erabakitako auziaren behin-behineko artxibatzea baliogabetu du.

"Justiziari bere bidea egiten uzteko deia"
Informazio horren harira, oharra kaleratu du Usurbilgo Udalak. Hedabideen bidez jaso du auzi horri buruzko azken nobedadeen berri. "Udalak komunikabideen bidez jakin duenez, iazko martxoan herriko goi-tentsioko linea batean ezbeharra izan zuen haurraren auzia berriz irekitzea erabaki du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak".

Erabaki horren aurrean, "Udalak auzia ahalik eta lasterren argitzea espero du, ez dadin familiaren sufrimendua luzatu, eta dolu prozesuan aurrera egin ahal izan dezan".

Horrekin batera, "justiziari bere bidea egiten uzteko deia ere egin du. Udalak, oraingoz, ez du eskaera ofizialik jaso, baina, ezbairik gabe, iristen denean auzia argitzeko bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa eta prestasuna du, beste administrazioekin kolaboratuz".