Nabarraldea elkarteko Beñi Agirre hernaniarrak "Habitat. Ezkutatu diguten historia" erakusketa eskaini du Potxoenean. Udarregi Ikastolak antolatuta, Euskal Herrian historiaren inguruan hizketan aritu da Hernaniko historialaria. Historialaria Nabarralde Fundazioaren kideetako bat da.
Gaur egungo Euskal Herriaren mugak zalantzan jartzen diru Agirrek. Azaldu duenez, Iruñeko eta Nafarroako erresuma hartu beharko litzateke, eta hori, gaur egun ditugun muga administratiboetatik haratago doazela esplikatu du. Hiru faktore hartzen ditu kontuan historialariak baieztapen hori esateko.
Lehenengoa, labar-margoak dira. Izan ere, Euskal Herriko mugetatik kanpo Santimamiñen edo Ekainen topa daitezkeen labar-margoen antzekoak aurki ditzakegu. Ondorioz, eremu horietan tribu berberak bizi zirela dio.
Bigarrenik, Iruñeko eta Nafarroako gazteluen mapak ere Euskal Herriko mugetatik haratago doa. Mapa hori osatzeko, dokumentu historikoetara jo zuen Iñaki Sagredok, eta horietan, Iruñeko erresumak soldaduak zituzten fortifikazioetara dirua bidaltzen zuela argitu zuen.
Azkenik, toponimia izan du hizpide, eta gaur egungo Euskal Herritik kanpo euskal izenak topa daitezkeela eta Iruñeko eta Nafarroako erresumaren lurraldearekin bat egiten duten tokietan daude; Aran Harana Katalunian, Selaya herria Kantabrian (zelaitik eratorria), Bascons herria Frantzian (basoi hitzetik eratorria), besteak beste.