#A11

Ernaik elkartzeko hitzordua jarri du gaurko, azaroaren 11ko greba orokorrera begira

Noaua Aldizkaria

Etxebizitza duina izateko eskubidearen alde Ernaik, berriki eskualde mailako elkarretaratzea egin ostean, azaroaren 11ra begira deitutako greba orokorrari begirako hitzordua deitu du ostiral honetan, urriaren 23an.

"Etxegabetzeak gelditu" edota "etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko" aldarrien artean, "benetakoa eta integrala" izango den konponbidea galdegin zuen auzi honentzat hilabete hasieran Ernai gazte antolakundeak, Lasarte-Orian eginiko eskualde mailako elkarretaratzean. "Etxebizitza duinaren aldeko borrokan ekarpena egiteko ez ezik, ultraeskuinaren aurkako erantzun gisa aurkeztea" ere funtsezkotzat jo zuen Ernaik aipatu mobilizazioa.

Etxebizitza duina izateko eskubidearen alde azaroaren 11rako greba orokorra deitua dagoen honetan, egun horri begira biltzeko deia egin du Ernai Usurbilek. Ostiral honetan, urriaren 23an, arratsaldeko 16:30etan Gazte Lokalean elkartzeko deia egin du, "etxebizitza duinen alde, Euskal Herrian urrats bat aurrera!" aldarripean. Izan ere, sare sozialen bidez jakinarazi moduan, "etxebizitzen auziaren aurrean gazteok badugu zeresana!". Horregatik, etziko bilkuran, "gazteon kezkei eta beharrei erreparatuz, greba orokorrari forma emango diogu".

Deialdiarekin bat egiteko gonbita egin du Ernaik. "Batu gurekin etxebizitza duinen aldeko borroka honetara", deitu dute.

Mobilizazioak
Etxebizitza sindikatuak eta euskal gehiengo sindikalak (LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista) iragan astean erregistratu zuten Hego Euskal Herrian azaroaren 11n etxebizitza eskubide duinaren alde greba egiteko deialdia.

Eskubide horren alde, estreinakoz egingo den lehen greba egun horretarako leloa eta mobilizazioak aurkeztu dituzte. "Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez!" aldarria hautatu dute. Horren baitan, kalitatezko etxebizitza bermatzeko hiru eraldaketa sustatu behar direla nabarmendu dute: "batetik, espekulatzaileen espropiazioa; bestetik, jardun espekulatiboaren debekua; eta, azkenik, etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa justua, langileriaren beharren arabera antolatua. Egiturazko eraldaketa hauek lortu ezean, espekulazioak eta errentismoak bere horretan jarraituko dute". Neurri gehiago ere defendatuko dituzte; hala nola, etxegabetzeak eten eta etxebizitzaren prezioa murriztea.

Erakundeak eta patronalak ere interpelatu dituzte. "Ez dugu onartuko alderdiek etxebizitzaren auzia euren interesetarako erabil dezatela, konponbide errealik planteatu gabe. Hori dela eta, aipatutako erroko aldaketak" sustatzearen beharra nabarmendu dute.

Soldatak duintzea ere izango da azaroaren 11ko beste aldarrietako bat; "bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa premiazko neurria da".

Horrekin batera, hilaren 11rako hiriburuetako mobilizazioak zehaztu dituzte. Usurbildik gertuen, Donostian egingo da manifestazioetako bat. Eguerdiko 12:30etan abiatuko da Amarako Pio XII-tik. "Azpimarratzekoa da greba orokor honetan Euskal Herriko markoa babestu eta defendatu nahi dugula, hau da, Euskal Herrian adostutako aldarrikapenak zabaldu eta hemengo instituzioak interpelatu", deitzaileen esanetan. Datorren greba orokorraren bidez, etxebizitza eskubidea bermatua eta espekulazioarekin amaitu beharra dagoela eskatuko dute. "Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko unea" dela gogorarazi dute.