Kapsula Kuantikoan barneratu dira Udarregi ikastolakoak

Noaua Aldizkaria

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ekimen ibiltaria Usurbilen izan da. Udarregi ikastolako ikasleak izan ditu bisitarien artean.

Kapsula Kuantikoak Usurbilen lur hartu du azken orduotan. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ekimen ibiltaria da. Bere bidez, "Euskadiko herritarrengana fisika eta teknologia kuantikoak hurbiltzen ditu". Anbulatorio atariko aparkalekuan izan da ostegun honetan, hilaren 22an. Udarregi ikastolako kideak izan ditu bisitarien artean. "Ikastolako LH6. eta DBH3. mailetako ikasleek Kapsula Kuantikoa ekimenean parte hartu dute. Bertan, fisika kuantikoaren mundura hurbiltzeko aukera izan dute. Horretarako, unitate mugikor batean murgiltze-esperientzia bizi izan dute, fisika kuantikoaren oinarrizko printzipio batzuk ezagutuz eta horiek eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun teknologiekin duten lotura ulertuz".

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan barrena, herriz herri biran dabilen "esperientzia berritzaile, irisgarri eta interaktibo" gisa definituriko ekimen ibiltariaren bidez, "bisitariek fisika kuantikoaren oinarrizko printzipio batzuk ezagutzeko eta teknologia kuantikoek eguneroko bizitzan dituzten aplikazioak ezagutzeko aukera izango dute. Unitate mugikorrak ikus-entzunezko baliabideak eta instalazio interaktiboak konbinatzen ditu, kontzeptu kuantikoak modu irisgarri eta ulergarrian hurbiltzeko".

Sustatzaileen esanetan, "proiektua gero eta presenteago dagoen errealitate batetik abiatzen da: fisika kuantikoa gure eguneroko bizitzaren parte da, uste duguna baino askoz gehiago. Egunero erabiltzen ditugun teknologien oinarrian dago, hala nola laserretan edo kokapen-sistemetan, eta datozen urteetan gure bizitza eraldatu dezaketen aurrerapen teknologiko batzuetan ere funtsezkoa izango da".

Kapsula Kuantikoak, guztira, 147 herri bisitatuko ditu datorren uztailera arte.