“Ekintzailetza euskaraz” saria Agurtzane Alkortarentzat

Noaua Aldizkaria

Argazkia: Zubieta Lanbide Eskola.

“Ekintzailetza euskaraz” saria jaso du Agurtzane Alkorta Urdanpilleta herrikideak.

Bere “Agu, pilates eta ariketa fisikoa” enpresa saritu dute Hizkelan jardunaldiaren baitan. “Lanbide Heziketan eta lan munduan euskararen erabilera sustatu, bistaratu eta bultzatzeko” sortu zuen aipatu jardunaldia Laneki elkarteak. Euskarazko materiala sortzen dihardu Lanekik, Lanbide Heziketa indartu eta hobetzeko elkartea baita. Hizkelan jardunaldiaren hamaikagarren edizioa iragan astean egin zuten Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketaren ikastetxean. Ekintzailetza Euskaraz Saria eman zuten jardunaldian zehar lehenbiziko aldiz. Tknikako Urrats bat proiektuarekin elkarlanean Gipuzkoako Foru aldundiak sustaturiko mila euroko saria eman zioten Agurtzane Alkorta Urdanpilletak herri erdigunean duen enpresari.

“Poz handia ematen digu gure komunitateko proiektuek bidea egiten dutela ikusteak. Zorionak, Agu!” adierazi nahi izan diote herrikideari Zubieta Lanbide Eskolatik. Izan ere, ikastetxe horretako Urratsbat programako enpresa da saritua. Urratsbat Lanbide Heziketako ikasleak nahiz ikasle ohiak enpresa sortzen laguntzeko programa da. Alkorta Zubietako ikastetxeko ikaslea izandakoa da.