Ordubete "gehiago", datorren larunbat gauak

Noaua Aldizkaria

"Neguko" ordutegira egokitzeko unea izango da igande goizalde hau. Goizaldeko 3:00etan 2:00ak izango dira.

Urriko azken igandearekin batera, heldu da erlojuak urte garai honetara egokitzeko unea ere. Gehienek automatikoki egingo duten arren, orratzak mugitzeko gaua izango da gaurkoa. Izan ere, igande goizaldeko 3:00etan 2:00ak izango dira. Datorren larunbat gau honek, beraz, ordubete "gehiago" izango du parrandarako nahiz atsedenerako. Bihartik, hilaren 25etik aurrera, "goizago" ilunduko du arratsaldero.

Gogoan izan, bitan aldatzen da urtero ordua. Urriko azken larunbatetik iganderako gauean eta martxoko azken larunbatetik iganderako gauean. Honenbestez, hurrengo ordu aldaketa, 2027ko martxoaren 27tik 28ra izango da. Goizalde horretan, 2:00etan 3:00ak izango dira.

Ordu aldaketa etetearen eragina aztergai Europan
Urteak dira Europan, 70. hamarkadaz geroztik indarrean den ordu aldaketari buruzko eztabaida piztu zutenetik. Gaurkoz, ordea, ez dago adostasunik.

2018an ordu aldaketa bertan behera uzteko aldaketa proposatu zuen Europako Batzordeak. Europako Parlamentuak 2021. urtean ordu aldaketa bertan behera uztea adostu eta herrialde bakoitzaren esku utzi zuen udako edo neguko ordutegia mantentzeko erabakia. Neurri hau, ordea, ez da gauzatu gaur arte. Oraingoz, ez dago adostasunik gai honen bueltan. Iaz, ordu aldaketa eteteak izango lukeen eragina aztertzen aritu zen Europako Batzordea.

2026. urte honetara arte, gutxienez, ordua aldatzen segitzekotan geratu ziren. Hemendik aurrera, zer gerta daitekeen ez dago argi. Aldaketarik ez bada, 2027. urtean ere ordua bitan aldatzen segi beharko da.