Udazkena liburutegian

Ixabel Agirresarobekin ospatu dute Liburutegien Eguna

Noaua Aldizkaria

Larunbat honetako, urriaren 24ko Liburutegien Eguna bezperan ospatu zuten Sutegin, Ixabel Agirresaroberen helduentzako ipuin kontaketa saioarekin.

Urriaren 24ko Liburutegien Eguna bezperan ospatu zuten Sutegin, atzo, herrikide baten eskutik, gainera. Izan ere, hilaren 23an Ixabel Agirresarobek ipuin kontaketa saioa eskaini du 16 urtetik gorakoentzat. "Nork esan du ipuin (kontaket)ak haurrentzako bakarrik direla?", galdera horixe egiten zuten antolatzaileek herritarrei hitzordura erakartzeko gonbita luzatzerakoan.

"Liburutegien Eguna ospatzen... bezperatik! Ze ilunabar ederra atzokoa: #IxabelAgirresarobe-k ipuin zaharrak kontatu zizkigun #EduardoGaleano-ren kontakizunekin tartekatuta (luxua!), giro goxoa, mahaiaren bueltan (pastak+ura) tertuliatxoa, muxuak eta besarkadak... Zoriona(k)! Jarrai dezagun ospatzen, egunero, Liburutegion Eguna!", deitu zuten Sutegi udal liburutegitik.

Saio horren ondotik, eskaintza zabala iragarri dute udal liburutegikoek udazken honetarako. Segidan duzue egitarau osoa. Tartean, datorren azaroa hasierarako bi eguneko "Beti Ikasten!" izeneko zikloa iragarri dute, "guraso, irakasle eta hezitzaile ororentzat hausnarketarako topagunea" izan nahi duena. Irakurmena eta pantailak izango dituzte mintzagai saio horietan.

Hona hemen, asteotarako iragarritako ekimen zikloa:

Udazkena liburutegian
Urriak 28, asteazkena
18:00
“Ameli eta Xirrikituren jostunak” ipuin kontaketa saioa, Amaia Elizagoien eta Irati Celestinoren eskutik.

Azaroak 2, astelehena
18:00 "Irakurri, zertarako?" hitzaldi-solasaldia, Yolanda Arrietarekin.

Azaroak 3, asteartea
18:00 "Pantailekin, zer egin?" hitzaldi-solasaldia, Mikel Cerezoren eskutik.

Azaroak 9, astelehena
18:30 Literatura solasaldia Alaine Agirrerekin.
Zehaztasunak: "Mintzagai izango dugun liburua, Alaine Agirreren "Euri eta ateri" izango da. Idazlea gure artean izango da. Jada eskuragarri ditugu liburutegian aipatu liburuaren hainbat ale". 

Azaroak 12, osteguna
18:00
Pello Añorgaren ipuin kontaketa saioa 3-5 urtekoentzat.
Oharra: txikienak heldu batek lagunduta joatea komeni da.

Azaroak 23, astelehena
18:00
Ines Bengoaren ipuin kontaketa, 6 urtetik gorakoentzat.

Azaroak 27, ostirala
17:00
Irakurketa solasaldia 9 urtetik gorakoentzat. Yolanda Arrietaren “Mari Xor” liburua izango dute mintzagai.

Azaroak 30, astelehena
17:00
Irakurketa solasaldia 12 urtetik gorakoentzat. Euskadiko Haur eta Literatura Sariaren irabazle Yolanda Arrietaren “Zurtz” liburua izango dute mintzagai.

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.