Azaroan sartzearekin batera, azoken zikloan barneratzera goaz Usurbilen, urtero moduan. Hasteko, artisauen topagunea izango da herria azaroaren lehenean. Izan ere, Aitzaga Elkarteak 30. Artisau Azoka antolatu du. Goizeko hamaiketatik aurrera, eskuz landutako hainbat produktuen postu kokatuko dituzte frontoian eta Askatasuna plazan. Osteratxoa egin nahiz ikusitakoa eskuratzeko aukera ederra izango da. Euskal Herri luze zabaleko artisauak erakarriko ditu hitzorduak, baina aurreko edizioen ildotik, herri ordezkaritzarik ez da faltako oraingo honetan ere. Guztira, hirurogei bat postu izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Talo jan ederra egiteko aukera ere eskainiko du hitzorduak.
Hurbilagoren Udazkeneko Azoka
Artisauen ondotik, merkatarien txanda izango da azaroaren 28an. Izan ere, Hurbilago elkarteak bere Udazkeneko Azoka iragarri du datorren hileko azken larunbat goiz eta eguerdi parterako. Askotariko gaien salmenta postuak kokatuko dituzte frontoian. Zenbait sorkuntza tailerretan parte hartzeko aukera ere izango da, Ziortza Gazte Elkartearen eskutik. Azoka honetan ere bapo egiteko gaztainak eta sagardoa dastatzeko aukera eskainiko da, bertan erosketak egitearen truke.
Mende laurdeneko Erle Eguna
Urtemuga borobilen urtea dugu honako hau, baita azokei dagokienean ere. Aitzaga Elkartearen Artisau Azokaren 30. edizioa egingo da azaroaren lehenean eta mende laurdenekoa, azaroaren 29ko Erle Egunak. 25. ediziora helduko da urteko azoka gozoena. Erle Lagunak taldearen eskutik, azoka egingo da. Zentzumen guztiak jarriko dizkigute dantza batean; ikusmena, entzumena, baita usaimena eta batez ere dastamena, besteak beste, ezti eta txokolatezko gozoen nahiz ezti dastaketekin. Zenbait erakusketei ere tartea egingo diete eta, nola ez, txapelketek ere berebiziko protagonismoa izango dute, gozogintza, marrazki eta bereziki, ezti lehiaketekin.
Goizean zehar epaimahaiak behatutako jaki eta sorkuntza lan ederrenak sarituko dituzte jaialdiaren amaieran. Une estimatuena biziko da orduan, elizatik frontoira heldutako erlearekin.
NOAUA! K.E.-ren San Tomas Azoka
2026ko laugarren eta azken azoka, abenduaren 20an ospatuko da. NOAUA! Kultur Elkarteak San Tomas Azoka egingo du igande horretan. Kasu horretan ere, askotariko postuez osaturiko azoka egingo da edota herrian ekoitzitako babarrun eta sagardoen txapelketak.
2026ko azoken egutegia
-Azaroak 1: Aitzaga Elkarteak antolaturiko 30. Artisau Azoka. Bertako nahiz Euskal Herriko artisauen lanak ikusgai frontoian.
-Azaroak 28: Hurbilagoren Udazkeneko Azoka. Salmenta postuak nahiz 650 Usurbil Bizi Otarraren aurkezpena.
-Azaroak 29: 25. Erle Eguna. Azoka, ezti, gozogintza eta marrazki txapelketak…
-Abenduak 20: NOAUA! K.E.-ren San Tomas Azoka. Postuak, babarrun eta sagardo txapelketak…