ETB-ren "Biba Zuek" saioan parte hartu du Usurbil K.E.-k

Noaua Aldizkaria

Eskubaloiak herri honetan eginiko bideaz eta Usurbil K.E.-ren egitasmoaz aritu dira solasean Euskal Telebistaren "Biba Zuek" saioan.

Askotariko gaiak hizpide hartu ohi ditu Euskal Telebistak, astelehenetik ostiralera, bazkalostean (15:20-18:55 artean) eskaini ohi duen Biba Zuek saioak. Ostiral honetako, urriaren 23ko programak kiroletako edukiei tartea egin die. "Ahalegin eta lorpenei" buruz aritu nahi izan zuten Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkezturiko saioan. Horretarako, eskubaloian, arraunean eta sokatiran dabiltzan kirolariak gonbidatu zituzten.

Hasteko, Usurbil Kirol Elkartekoekin aritu ziren solasean. Eskubaloiak Usurbilen eginiko bidearen nahiz aipatu herri bilgunearen proiektuaz jardun zuten aurkezleekin, kirol elkarteko arduradun Julen Nazabal Aisak eta klubeko eta Euskal Eskubaloi Selekzioko jokalari Araitz Mendiluze Saizarrek.

Haien erronkak lortzeko egin beharreko bideaz, ahaleginez nahiz kirolak gizartean duen garrantziaz aritu ziren solasean. Haien elkarrizketa 1:17:00tik aurrera ikusi eta entzun dezakezue, lotura honetan: Biba Zuek