650 Usurbil Bizi

Bosgarrenez zozkatuko dituzte 650 Usurbil Bizi Otarrak

Noaua Aldizkaria

Usurbilgo Udalak, Kulturguneak eta Hurbilago elkarteak sustaturiko 650 Usurbil Bizi Otarrak zozkatzeko egitasmoa abiarazi dute bosgarren urtez segidan. Abenduaren 26an zozketatu eta biharamunean jendaurreko ekitaldi bidez banatuko dira herri sorkuntzaz eta ekoizpenaz hornituriko otarrok. Sortzaileentzat zein ekoizleentzat zabaltzear dute izen-emateko epealdia.

Bestelakoen inbidiarik gabe, Usurbilek urte amaierako zozketa propioa izan ohi du; 650 Usurbil Bizi Otarrena. Bosgarrenez antolatu dute egitasmoa lankidetzan, Usurbilgo Udalak, Kulturguneak eta Hurbilago merkatarien eta ostalarien elkarteak.

Aurreko edizioen ildotik, bi helburu nagusi ditu ekimenak; sustatzaileen esanetan, "herriko ekoizle eta sortzaileen lana ezagun egin eta produktu horiei ikusgarritasuna ematea", baita "herrian bertan kontsumitzea bultzatzea" ere.

Pozarren dira antolatzaileak, aurreko edizioek izandako harrerarekin, "parte hartze altua izan zelako". Iaz hain zuzen, "Usurbilgo 31 ekoizlek eta sortzailek hartu zuten parte; Hurbilago elkartekoak diren 16 saltokik hartu zuten parte otarren zozketan, eta 100 otar banatu zituzten bezeroen artean. Hurbilagoren Udazkeneko Azokak otarrak aurkezteko giro paregabea sortu zuen, eta hori horrela, errepikatzea erabaki dute".

Aurtengoan, ordea, bi berrikuntza txertatu dituzte; batetik, "prezioen garestitze orokorra tarteko, sortzaile eta ekoizleei eskaintzen zaien diru kopurua 50 euroan handitzea erabaki da. Hala, ohi bezala, ekoizle bakoitzak erabakiko du zer eskaintza egin, 250,00 €-ko aurrekontuarekin, BEZa sartu gabe".

Horrez gain, "urtengo beste berritasun bat esperientziak eskaintzeko aukera izango da: urtebeteko epean, euren establezimenduetan kontsumitzeko 50,00 €-ko bonoak edo deskontuak eskaini ahal izango dira".

Izen-ematea irekitzear
Otarron zozketa abenduaren 26an egingo du egitasmoarekin bat eginiko saltoki bakoitzak eta biharamunean, abenduaren 27an banatuko dituzte, jendaurreko ekitaldi bidez Usurbilgo frontoian. Horretarako, aurrez, herriko tokiko zerbitzu txikien establezimenduetan erosketak egin beharko dira. Horien truke zozketarako txartelak eskuratu ahalko dira, azaroaren 30etik abenduaren 26ra.

Tarte horren aurretik aurkeztuko da 650 Usurbil Bizi Otarrak izango duen produktu sorta. Hurbilago Elkarteak azaroaren 28an egingo duen Udazkeneko Azokaren baitan izango da. Ordurako, ekimenean parte hartu nahi duten herriko sortzaileek eta ekoizleek haien eskaintza egin beharko dute 650 Usurbil Bizi Otarraren egitasmorako. Adi, astelehen honetan bertan, urriaren 26an irekiko dute haientzat guztientzat izena eman eta eskaintzak egiteko azaroaren 6ra arteko epealdia. Segidan duzue, parte hartzaileek bete beharreko baldintzen nahiz otarrak zozketatu eta banatu arte, ekimenak bosgarren urtez segidan egingo duen prozesuaren nondik norakoen berri ere.


650 Usurbil Bizi Otarrak
Honakoak dira parte hartu nahi duten ekoizle eta sortzaileek bete beharreko baldintzak:
a) Kultura eta sormen industriako jardueretarako: 
 1. Usurbilen erroldatutako herritarra edo elkartea izatea, eskaerak egiteko epea zabaldutako lehen egunean (2026ko urriaren 26an).
 2. Eskainitako produktuaren egilea edo autorea izatea. Taldean egindako lanak badira, taldekideen %33k, gutxienez, Usurbilen erroldatua egon behar du.
 3. Azken 5 urteetan merkaturatutako produktua izatea (deialdia zabaldutako egunetik kontatzen hasita).
 4. Kultura eta sormenaren industriako ondorengo jarduera-adarren bateko eragilea izatea: musika, literatura, arte eszenikoak, ikusmen-arteak, bestelako kultur diziplinetako eragileak, moda diseinatzaileak eta sormen industriako bestelako eragileak.
b) Lehen sektorea eta elikaduraren industriako ekoizleentzat:
 1. Lehen sektorea: nekazaritza edota abeltzaintzaren sektoreko jarduera bat izan eta ekoizpen-ustiategia Usurbilen daukatenak. 
 2. Elikadura-industriako ekoizleak: Usurbilgo lursailetan kokatutako nekazaritza edota abeltzaintzako ekoizpen propioa duten sagardogileak eta elikadura-industriako bestelako ekoizleak. 
 3. Elikadura-produktuak eskaintzen dituzten ekoizleek, jakien osasun erregistroan inskribatuta egon beharko dute edo osasun-baimena izan, hala dagokien kasuan.
c) Esperientzien eskaintza
 1. Usurbilgo ostalaritza establezimenduek edo ekoizle izanik euren jardunaren zati bat ostalaritzara bideratua dutenek, 50,00 €-ko bonoak edo deskontuak eskaintzeko aukera izango dute, gehienez 250,00 €-ko balioarekin (BEZ gabe).

Zozketaren prozedura
Urriak 26-azaroak 6
Ekoizleen izen-ematea eta haien eskaintzaren aurkezpena gertuago.eus atarian. Izen-emateko lotura: https://labur.eus/650otarra2026 

Azaroak 9-13
Eskatutako baldintzen egiaztapenerako antolatzaileen ordezkaritzaren azterketa lana. Lan hori egin ostean, eginiko eskaintzaren onarpena helaraziko zaie ekoizleei. Eskainitako produktuak noiz eta non entregatu behar diren zehaztuko du jakinarazpen horretan.

Azaroak 28, larunbata
Hurbilagoren Udazkeneko Azokaren baitan, 13:30ean, aurtengo 650 Usurbil Bizi Otarraren aurkezpena. Otar horretako Usurbilgo ekoizleen eta sortzaileen produktuen eskaintza ikusgai izango da erakusmahai batean.

Azaroak 30-abenduak 26
Herriko tokiko saltoki txikietan eginiko erosketak saritzeko, erosketon truke otarren zozketan parte hartzeko txartelak eskuratu ahalko dira.

Abenduak 26, larunbata
Herriko establezimendu bakoitzak sarituak erabakiko ditu zozketa bidez.

Abenduak 27, igandea
13:30 650 Usurbil Otarren banaketa ekitaldia Usurbilgo frontoian.

Informazio gehiagorako: gertuago@gertuago.eus / 652 085 811.