Zaintza aringarri pediatrikoak

Zaintza pediatriko aringarriak eskaintzen ari direnei esker ona adierazi diete

Noaua Aldizkaria

Larunbat goiz honetan, urriaren 24an, Sutegin eginiko "zaintza aringarri pediatrikoak errealitatera!" ekitaldiaren baitan, zaintza hauek eskaintzen ari direnen ahalegina eta eskuzabaltasuna eskertu nahi izan dute, oroigarri banaketarekin.

Zaintza aringarri pediatrikoak modu integral batean eta etenik gabe eskaintzea eskatzeko Sutegin larunbat goiz honetan, urriaren 24an eginiko ekitaldiaren baitan, dagoeneko zereginotan dabiltzan lantaldeen ahalegin nekaezina eskertu nahi izan dute. Hitzorduko aurkezleek, Marimototsek eta Porrotxek gogorarazi moduan, "talde horiek haien lanaren zati handi bat borondatez egiten dute". Baina ozen aldarrikatu duten bezalaxe, "nahi duguna da borondatezko hori ahal den gutxiena izatea eta izan dadila benetan onartua, bitartekoekin, denborarekin eta behar den bezala, fundamentuz".

Hil Argi eta Bizipoza elkarteek sustaturiko Gehiago Gara ekimenaren baitan ari diren eragile hainbaten eskutik, zaintza aringarri pediatrikoak eskaintzen diharduten lau lantalderen ahalegin itzela omendu eta eskertu nahi izan dute.

Lau lantalde omendu
Gehiago Gara ekimenaren laguntzaileak izan dira oroigarriok banatu dituztenak. Hala, Bidegin elkartearen eskutik, Osakidetzaren HaurSare programa diseinatzen aritu den lantaldeak jaso du oroigarrietako bat. Haurren gaitz kroniko konplexuak eta zainketa aringarriak artatzeko Osakidetzaren sare integrala da HaurSare.

Bidegin elkartearen antzera, dolu prozesuan bidelaguntza eskaintzen duen Goizargi elkartearen eskutik jaso du beste oroigarrietako bat, Nafarroako ospitalean gaixotasun kronikoak eta konplexuak dituzten haurrak zaintzen dituen lantaldeak.

Bizipoza elkarteko kide den Gipuzkoako Minbizidun Adingabeen Familien Elkarte Aspanogik eman dio beste oroigarrietako bat Goierri eta Urola Garaiko ESIko zaintza aringarri pediatrikoen lantaldeari.

Azkenik, Heriotza Haurrekin taldearen eskutik jaso du laugarren oroigarria, Donostiako ospitalean gaixotasun kronikoak eta konplexuak edo heriotza arriskua duten haurrak zaintzen duen lantaldeak.

Omendu guztiei eta zereginotan dabiltzan guztiei Porrotxek adierazi dienez, "borondatez ari zarete zati handi batean, zuen onena ematen, ilusioz, pasioz eta maitasunez gure haurren alde". Haientzat nahiz gaur Sutegira joandako guztientzat, "gure esker ona, maitasuna eta babesa" adierazi nahi izan diete ekitaldiko aurkezleek.