Egun eskaintzen ez dena errealitate bilakatzea. Finean, oinarrizko zerbitzu bat etenik gabe, modu integralean ahalbidetzea galdegin dute larunbat goiz honetan, Sutegiko auditorioan. Gehiago Gara ekimenaren bueltan bildutako eragileek deituta, zaintza aringarri pediatrikoak eskaintzea eta bermatzea eskatu dute, "errealitatea izan dadin" adierazteko.
Hil Argi eta Bizipoza elkarteek bultzaturiko ekimen honek haurren heriotzak eragindako minari sarritan gaineratzen zaion gizarteko isiltasunak eta "naturaltasunez jarduteko ahalmen ezak" eragindako mina gainditzea sustatu nahi du. Hartara, Gehiago Gara ekimenak "eragile bakoitzak bere alorrean haurren heriotza, eta heriotza haurrekin, naturaltasunez eta humanitatez bizi izateko jarrerak" bultzatzen dihardu alor ezberdinetan. "Hil Argi elkartetik konturatu ginen, heriotza aipatzean jendea beldurtzen zela eta haurrek gaixotasun sendaezinak zituztenean ez zekitela zer esan ez zer egin".
Testuinguru horretan, "zaintza aringarri pediatrikoek gaixotasun sendaezinen aurrean, umeen eta familia horien zaintza eskaintzen dute".
Lantaldeen sustapena
Zaintza honek nolakoa behar lukeen ere argi adierazi dute, Gehiago Gara ekimeneko kide diren hezkuntza munduko eragileek; tartean, zen Udarregi ikastolako zuzendaria ere.
Argi azaldu dutenez, "zaintza aringarri pediatrikoek gaixotasun larri sendaezinen aurrean, bizitza hori salbatu eta luzatu ezin denean, zabaldu egiten dute eta ez daude mugatuak bakarrik heriotzara, edo heriotzako azken fase horretara. Hilabeteetan eta urteetan ere jaso ahal dira zaintza aringarri pediatrikoak".
Zaintza hauek bermatzeko, lantaldeak sortu beharrak daudela adierazi dute eta horiek anitzak izan behar dutela; "bai mediku, erizain, psikologo, gizarte-langile, erizain-laguntzaile, fisioterapeuta, administrari eta beste hainbestez sortuak".
Etenik gabe, lurralde guztietan, integralki
Nolakoak izan behar duten zaintza hauek ere zehaztu nahi izan dute. "Zaintza hau ospitalean eta baita ere etxean izan dadila bermatu behar da eta etxean zaintzen denean, arreta 24 ordukoa eta 7 egunetan bermatu behar da".
Izan ere, etenik gabeko zaintza aringarri pediatrikoak izatea eskatu dute. "Zaintza honek lurralde guztietara iritsi behar du, behar duen haurrak edozein tokitan bizi izanda, bere etxean zaindua izan dadin. Zaintza hau integrala izan behar da, diagnostiko zaila ematen denetik hil ondorenera arte ere zaintza egongo da. Etenik gabeko zaintza izan behar da".
Horretarako, osasungintzatik "langile guztien formazioa eta ikasketak ere bermatu behar dira"; hau da, "zaintza aringarrietako langileak, pediatrak, erizain pediatrikoak, espezialista pediatrikoak eta abar luze luze bat".
Gehiago Gara ekimeneko sustatzaileen artean diren Marimototsek eta Porrotxek aurkeztu dute Sutegiko ekitaldia. Porrotxek berak argi zioen moduan, "gaur hasiko gara" aipatu zaintza aringarri pediatrikoak aldarrikatzen, baina "gaurtik aurrera, sekulako olatua sortuko dugu", kultur-etxeko auditorioa bete duten lagunek argi erakutsi moduan.
"Bizitza bukatzen da, baina ipuina ez"
"Maitasunez kantatzeko bertso-ipuinak". Hil Argi elkarteak zaintza aringarriak sustaturiko egitasmoa da "Bertso-Ipuin Bat Zuretzat". Aipatu bilgunearen bidez, "borondatezko bertsolari, musikari eta kideek osatutako taldeak eskaintzen du". Proiektu horrekin bat egin duten lagunetako bat ere izan da, larunbat honetan, Sutegin; Ane Labaka Maioz bertsolaria. Nola ez, bertsotan aurkeztu nahi izan du egitasmoa. Lasarte-Oriakoak zioen moduan, "hegodun printzesak, pirata bihurriak, sorgin aldrebesak, superheroi bixiak, lagun sorpresak, sormena ukendutzat, kantua etxetzat. Juxtu, hori da Bertso-Ipuin Bat Zuretzat".
Sorkuntza lan honen aldarria egin du segidan. "Nork bete zituen behin, erlojuak harez, sinesten dut badela kultura lanabes. Inor joan ez dadin minez, bakardadez, maite gaituztenongan har dezagun babes. Bizitza bukatzen da, baina ipuina ez".
Egitasmoaren berri bertsoipuinbat.eus atarian jaso dezakezue.
"Behar duten etxe guztietara heltzea"
Aipatu moduan, heriotzaren inguruko ezagutza hedatzen jardun eta aurtengo Usurbilgo "komunitatetik, heriotzaz" zikloko sustatzaile den Hil Argi elkarteak ondu du aipatu egitasmo hori. "Zaintza aringarri pediatrikoetan zeuden haurrentzat zen egitasmoa, baina konturatu ginen ez zeudela antolatuak, zaintza aringarri pediatrikorik ez zegoela".
Hortik eratorritakoa da gaurko ekitaldia. "Guk gaur hemen eskatzen duguna da, zaintza aringarri pediatrikoak errealitate izatea eta hau behar duten etxe guztietara heltzea". Ohartarazi dutenez, "umetxo asko daude, uste duguna baino askoz gehiago eta izan daitezke, ez bakarrik gaixotasun onkologiko terminalak dituztenak, baita ere gaixotasun degeneratiboak dituztenak ere, kardiopatiak, biriketako gaixotasun larriak eta beste pila bat".
Horregatik, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorri eta Sutegi goraino betetako ekitaldian, "jende piloa batu gara hau sinesten dugunak eta nahi dugu, hau lehenbailehen errealitatea izatea".