Zaintza aringarri pediatrikoak

"Zaintza aringarri pediatrikoak behar ditugu!"

Noaua Aldizkaria

Dantzan, bertsotan, errezitatuz, abestuz, hitzez nahiz txalo artean, aldarrikapen ozen eta argia egin dute larunbat honetan, urriaren 24an, Sutegin eginiko ekitaldian. Hil Argi eta Bizipoza elkarteek sustaturiko Gehiago Gara ekimenaren bueltan, "zaintza aringarri pediatrikoak errealitatera!" ekartzeko hitzordua egin dute, integrala eta etenik gabekoa izateko.

Hitzordu girotua izan da, lehenbizi, kultur-etxeko auditorioan egin dutena eta segidan, kalejira bidez frontoian amaiturikoa. Marimototsek eta Porrotxek aurkeztu eta dinamizatu dute, une oro, irria eta bizipozarik falta izan ez duen hitzordua. Haien eskutik, zaintza aringarri pediatrikoen aldarria egin dute Hil Argi elkarteko kideek, haiek eta Bizipoza elkarteak sustatu eta laguntzaile gehiago dituen Gehiago Gara ekimeneko gainerako kideek. "Haurren heriotza, eta heriotza haurrekin, naturaltasunez eta humanitatez bizi izateko jarrerak" sustatzen diharduen egitasmoa da Gehiago Gara.

Sorkuntzaz blaitua egon da hitzordua hasieratik amaierara. Euskal Telebistako "Go!azen" telesail ezaguneko aktore taldeak dantza batean jarri ditu Sutegiko auditorioan bildutakoak.

Yolanda Arrietaren parte hartzea
Herri ordezkaritzarik ez da falta izan. Egunotan, albiste izan dugu Yolanda Arrieta Malaxetxebarria, bere "Zurtz" sorkuntza lanari Euskadi Saria eman diotela jakinarazi digutelako. Kultur-etxeko oholtzan izan da. Errezitaldi parte hartzaile ederra eskaini du, irabazi berri duen saria tarteko, merezitako txalo zaparrada jaso ostean.

Gaur, Sutegin hizpide hartutako gaiari lotuta sortu, idatzi izan du Arrietak. Porrotxek gogorarazi dion moduan, "duela urtebete, Bizipozak antolaturiko heriotzari eta doluari buruzko jardunaldian izan zinen. Zu zara idazlea, poeta, sortzailea. Doluaz, heriotzaz, zaintzaz ere asko eta asko idatzi duzuna, sortu duzuna".

Eskua emanda dantzan
Ekitaldia amaitu aurretik, Ane Labaka Maiozekin batera Maddi Ane Txoperena ere bertsotan aritu da. "Gaitzak hartzen duenean, gurean ostatu... nahas-masak marraztuz dezagun gozatu, dantzatu, jolas egin eta elkar goxatu", adierazi du bertsoetako batean.

Kalejiran abiatu dira ekitaldi amaieran, Sutegitik frontoira. Bertan, kultur-etxe barrukoek nahiz kanpoan zain zituztenek, denek batera albiste honi atxikitako talde argazkia atera dute. Guztiek bat egin dute gaurko aldarri nagusiarekin; "zaintza aringarri pediatrikoak behar ditugu!", adierazi dute txalo artean.

Gehiago Gara dinamikako irudia erreplikatuz, elkarri eskua eman eta borobilean dantzan amaitu dute guztiek.