Astelehen goiz honetan, urriaren 26an heldu dira, Euskal Herrira, Loiuko aireportura, pozarren, hamabi domina irabazita, baina batez ere mugarri historiko aipagarria ezarrita. Estreinakoz, euskal pilota selekzioak munduko txapelketa batean parte hartu ahal izan du egunotan, urriaren 15etik 24ra, Argentinan eta Uruguain. Munduko txapeldunen artean da usurbildar bat; Beñat Lizaso Muxika!
Lizaso, pilota egokituko taldearekin lehiatu eta bi domina irabazi dituzte; urrezkoa trinkete egokituan eta zilarrezkoa 36 metroko parapilotan. Bi neurketak Frantziako selekzioarekin izan zituzten.
Euskal selekzioak, orohar hamabi domina eskuratu ditu munduko txapelketan: urrezko lau, zilarrezko zazpi eta brontzezko bat.
Txapelketa inklusiboagoa
Gipuzkoako Kirol Egokituen Federaziotik zorion hitzak baino ez dituzte Beñatentzat eta taldekideentzat. "Amaitu da euskal pilotako munduko txapelketa Argentinan. Pilota egokituan, euskal selekzioa urrezko eta zilarrezko dominekin itzuliko da etxera. Lehena trinketean, eta bigarrena 36 metroko frontoian. Sekulako emaitzak", nabarmendu ditu herrialde honetako kirol egokituei lotutako federazioak. Horrez gain, "txapelketa inklusiboagoa ikusteko aukera izan dugu. Zorionak Edorta, German, Beñat, Sergio eta Mikel!".