Urriko azken astean sartu gara jada. Hilabeteko azken osteguna hemen dugu. Urriaren 29an egingo da udalbatzaren hileroko osoko ohiko bilkura. Hitzordu horretarako gai-zerrenda helarazi du Udalak. Batetik, aurtengo hirugarren hiruhileko diru kontuei buruzko azalpenak eskainiko dituzte, baita bi kreditu aldaketen berri eman ere.
Bi lankidetza hitzarmen ere ahotan hartuko dituzte; batetik, Usurbilgo Udala, EAEko administrazio orokorraren eta Ecoembalajes España SA enpresaren artekoa; eta, bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua finantzatzea xede duena.
Azkenik, mozio bat ere izango dute mintzagai: "UEMAren Esnatu dinamikaren barruan, Usurbilen euskararen biziberritzea sustatzeko Usurbilgo Udalak hartu beharreko konpromisoak" hizpide dituena.
Zuzenean eta bideo-aktak
Gogoan izan, iazko udaz geroztik egiten ari diren moduan, udalbatzaren osoko bilkura hau ere zuzenean jarraitu ahalko duzue Usurbilgo Udalak Youtuben duen @usurbiludala4589 kanalean.
Bertan jasoak geratzen dira zuzeneko emanaldi horiek. Gerora, usurbil.bideoaktak.eus atarian ere ikusi ahalko dituzue saio horren eta datozenen bideo-aktak ere. Izan ere, "kide anitzeko organoen funtzionamendu elektronikoaren ordenantzari eta Udala, gertu misioari jarraiki", osoko bilkuren digitalizazioan urrats berria eman du Usurbilgo Udalak Goienaren laguntzarekin: bideo akten tresna martxan jarri dute. Hala, aurrerantzean, "osoko bilkurako edukiak sailkatuta" ikusi ahalko dira, "puntuka eta bakoitzean parte hartzen duten hizlariak zehaztuta, eta, horrekin batera, lau hizkuntzatan azpititulatuta", aipatu usurbil.bideoaktak.eus atarian.
Udalbatzaren osoko bilkura
Eguna: urriak 29, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- Aurreko bilkuretako aktak onartzea.
1.1.- 2026ko irailaren 24ko bilkurako akta.
1.2.- 2026ko urriaren 7ko bilkurako akta.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2026ko irailaren 15etik urriaren 23ra (2026/1317-2026/1508).
3.- Berri ematea: 2026/1470 dekretua.
4.- Kontu ematea: 2026ko 3.hiruhileko OBBE.
5.- Kontu ematea: 2026ko 3. hiruhileko exekuzioa.
6.- Kontu ematea: KALD006 kreditu aldaketa espedientea.
7.- Kontu ematea: KALD007 kreditu aldaketa espedientea.
8.- 2026/1500 dekretua berrestea: Usurbilgo Udala, EAEko administrazio orokorraren eta Ecoembalajes España SA enpresaren arteko lankidetzarako esparru-hitzarmenari atxikitzea (2026HITZ0012).
9.- Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua finantzatzeko formalizatutako hitzarmena urtebetez luzatzea (2023HITZ0009).
10.- Mozioa: UEMAren Esnatu dinamikaren barruan, Usurbilen euskararen biziberritzea sustatzeko Usurbilgo Udalak hartu beharreko konpromisoak (2026IMOZ0006).
11.- Galdera eta eskaerak.