Aurreko Gau Beltzetan ospaturiko hezurren bilaketa joko batetik eratorritakoa da Hezur Lapur ezta?
Carola Giraudo: Gau Beltza Kalezarren antolatzen hastean, hezurrak bilatzeko jolasa egin zen bertan. Ginkana moduko hartan, iluntasunean hezurrak aurkitu behar ziren, begiak estalita eta eskuz.
Ander Zuloaga: Joko desberdinak zeuden ilunpean beldurrarekin jolasteko. Horietako bat zen hezurren bilaketarena. Artean, Hezur Lapur oraindik ez zen pertsonaia.
C.G.: Hezurrak bilatzeko joko horretan, hezurrak, argia, beldurra... Hezur Lapurren istorioa jaio zen.
Zergatik ikusi zenuten kontatzeko moduko istorioa sor zitekeela?
A.Z.: Halako istorioen elementuak biltzen ditu ipuinak. Pertsonaia bat izatea, bertakoa, istorio bat kontatuko zuena, hemengo lekuak aipatuz, bazen berriz ere Halloween lapurtzen ari zen hilen, beldurren mundua geureganatzeko modu bat. Orduan, pertsonaia bat izatea, bertakoa, tokikoa, inauterietan gertatzen den moduan, istorio batekin bildua datorrena, iruditzen zitzaigun, aurrez galdutako espazio hori irabazi eta haurrak zein gurasoak hurbiltzeko modu bat izan zitekeela.
Beldurraren aurreko antidoto gisa uler daiteke ipuina?
C.G.: Beldurrarekin jolasten ikasteko. Beldurra komunitatean bizi eta uxatzeko. Ipuina lanketarako instrumentu bat da.
Instrumentu bizidun bat, iazko Gau Beltzean Hezur Lapur plazaratu ostean.
C.G.: Istorioak beste dimentsio bat hartu zuen. Kalean nengoenean entzuten nien haurrei, Hezur Lapur zetorrela esaten. Hori ona da, istorioa herrian txertatzen joateko. Ahoz ahokoak lehendik zegoena berpiztu du. Gau Beltzaz hitz egiten entzuten da jendea. Diskurtsoa aldatzen ari da. Gau Beltza forma hartzen hasi da.
A.Z.: Euskarri bat eman dio, aitzakia txiki bat, horren bueltan lan pedagogiko bat egiteko ikastolak, gurasoek. Urtetik urtera, jende gehiago biltzen ari da. Asmoa da espazioa zabaltzen joatea.
Tresna garrantzitsua iruditeria bat sortzen laguntzen duelako eta hala, plazan lekua errazago hartu dezake Gau Beltzak.
A.Z.: "Saria edo ziria" ohitura hori ahultzeko bertako elementuak dira haurren iruditerian sartzen ari direnak. Irudiek eta hitzek garrantzia dute. Garrantzia du haurrentzako ordezko elementuak izateak, berriak izan arren. Beti tradizioaren bila ibiltzen gara, baina ez dagoenean, ahal dela, zergatik ez gureak sortu?
C.G.: Ipuin honen atzean dagoena ez da soilik beldurrarekin jolastea. Ez da soilik argia galtzea iluntasunak harrapatzen zaituenean, argia taldean bilatzea baizik, kolektiboki. Beldurrak denok ditugu. Gau Beltza da hori ospakizun bilakatzen duena.
A.Z.: Gau Beltzaren amaieran kantatu eta dantzatu egiten da. Hori hala egitea beldurrak uxatzeko sistema bat izan da beti eta funtzionatzen du, oihu egin eta kanporatzeak. Azkenean, arazo gehienen erantzuna kolektiboa da, elkarrekin batera gauzak egitea. Honek ere badu hortik eta hori ere aldarrikatzen du.
Beldurretik ihes egin beharrean kontrakoa, bizi eta elkarrekin uxatzea.
A.Z.: Elkarrekin, dantzaren eta oihuaren bidez erantzun eta modu horretan, barruko korapiloa askatzea.
C.G.: Festa honen bidez, beldurrarekin jolastu, ondo pasa eta oihukatuz beldurrak komunitatean uxatzea.
Testuinguru horretan jaio eta joan da hazten Hezur Lapurren mitoa.
A.Z.: Kalezarko Gau Beltzetik hona kolektiboki joan da hazten. Grabatu genuen istorioa ahotsez.
C.G.: Ipuina kontatu ahala, haurrek pauso batzuk eman zituzten. Inprimatu genuen eta ikastolako gelan zabaldu genuen. Iaz herriratu zen Usurbilen. Herriko plazaraino iritsi ginen. Liburua inprimatua dugu orain.
NOAUA! Kultur Elkartearekin argitaraturiko zuen ipuina nortzuen eskuetara heltzea nahiko zenukete?
A.Z.: Tresnatxo bat izan liteke etxean izan eta haurrek ere irudi bat izateko. Carolak ez dio forma jakin bat eman nahi izan pertsonaiari. Hezur Lapurrek begietan du argitasuna, gainerakoa iluna. Horregatik, misteriotsua da, ez du forma zehatzik. Bestalde, ipuinaren hedapenean ikastola gakoa izan da. Udarregira iritsi da guraso talde baten bidez. Haiek gustukoa izan eta lanketa egitea posible ikusi zuten.
Sorkuntza prozesua bion arteko elkarlana lana izan da. Nola joan zarete josten lankidetzan, hitzak eta irudiak?
A.Z.: Carola diseinatzailea da. Askotan kolaboratu izan dugu gauza askotan. Hitzen edo leloen lanketan parte hartu izan dut berarekin. Gauza horiek egiten oso ohituak gaude. Elkarri laguntzen diogu askotan.
C.G.: Azkenean, ikastolako haurren aiton-amonekin Hezur Lapurri buruzko bideotxoa egin dugu gaztetxoak girotzeko.
A.Z.: Kontakizuna janzten saiatu gara misterio pixka batekin. Guk gustura egin dugu, gozatu egin dugu eta horren ondorio da, bakoitzak bere etxean grabatutako bideoa, segidan ekoitzi duguna. Batzuetan, bistan da, baliabide gutxirekin egin daitezke gauzak.
Hezur Lapur nolakoa dela esango zenukete?
A.Z.: Istorioaren prekuelarik ez dugu egia esan eta zein den pentsatzekoa da. Garai batean, gurekin batera bizi ziren pertsonaiak gugandik urruntzen joan dira, hainbat kontuengatik ezin zutelako gurekin bizi. Ez da pertsonaia gaiztoa, nahiz eta pentsatu beharko litzatekeen zertarako behar duen besteen argia. Hori argitu gabe dugu. Ez da gaiztoa edo zintzoa, beldurra ematen du. Baina hausnartu beharko genuke zergatik behar duen besteen argia, zergatik lapurtu behar digun barruko argia, arima. Hor badago esploratzeko bide bat.
C.G.: Bere argia bilatzea afizioa da, une honetan ez dakigu zergatik. Berak berea ez duelako?
Aurtengo Gau Beltzarako zer nolako gonbita helarazi nahiko zenukete?
A.Z.: Gau Beltzaren talde lana nabarmendu nahiko nuke. Prestaketa lanetarako, aurretik haurrak, gurasoak biltzeko beste aitzakia bat da. Festa honen protagonista, heriotza, beldurra eta iluntasuna da, baina Usurbilen beste gauza askori erantzuten zaion bezala, kolektiboki ospatu eta erantzuteko gonbita egin nahiko genuke. Hau da beste gauza bat elkarrekin egin daitekeena, herria eraikitzen duena eta kasu honetan, erantzuten zaio beldurrari, baina denon artean, ahalik eta jende gehien bilduta festa egunean eta aurretik jolasak prestatzen, eskulanekin eta belaunaldi ezberdinetakoak beste rol batean arituta. Herria egiteko beste aitzakia edo beste arrazoi bat gehiago da.
Hezur Lapurri buruzko istorioak zer nolako ibilbidea egitea nahiko zenukete?
A.Z.: Beti existitu izan balitz bezala herrian txertatu izana, hori baino sari politagorik ez dago. Haurrek gurasoekin, elkarrekin ahotan hartzearen poderioz, Usurbilgo beste elementu batean bilakatzea, hori sari bat da.
C.G.: Gozatu irakurriz, istorioarekin jolastu. Beldurrarekin jolastu eta bizi. Gogoan izan "agur Hezur Lapur! Agur beldur!", hori da amaierako mezua.