Gau Beltza

"Gau Beltzaren beharra zela ikusten genuen"

Noaua Aldizkaria

Iazko Arimen Gaua biziberrituko dute Usurbilen aurtengoan ere, hainbat gurasoek, herri eragile gehiagorekin lankidetzan. Prestaketa lan betean dira egunotan. Denen artean, Gau Beltza herriratuko dute aurtengoan bigarrenez.

Arimen gau girotua izango du Usurbilek urriaren 31. Iluntasunean barneratu, beldurrak azaleratu eta haiei elkarrekin uxatzeko parada ederra izango da. Horretarako, dagoeneko hitzordu horren prestaketa lan betean da guraso talde bat, hainbat herri eragilerekin lankidetzan. 

Aurreratu digutenez, gazteenek HH eta LH zikloetakoek iluntasunean jolasteko aukera izango dute lagunarte ederrean, Kalezar, Aranerreka edo Errekatxiki inguruan. Estimulu gehiagoko jolasak iragarri dituzte. Gero, 20:30ak aldera, parte hartzaile guztiak nahiz herritar orok bat egin ahalko duen kalejira abiatuko da Artzabaldik herriko plazarantz. Amaiera girotua izango du hitzorduak. Dantzan borobildu nahi da hitzordua. Beldurrak erretzeko aukera izango da. Hortxe, antolatzaileen lehen oharra. Ahal bada, etxetik orri batean erretzeko baliatuko den beldurra idatzita eramateko deia egin dute. Bestela, unean bertan ere beldurrok idatzi eta sutan birrintzeko aukera izango da. DBH 3-4 mailetakoek jatekoa eskainiko dute (sandwichak, tortillak), gaztaingileak hortxe izango dira jaki goxook zerbitzatzen. The Hastelen´s taldeak amaiera musikatua emango dio Gau Beltzari.

Aurtengo edizioa bideratzeko antolatzaile taldea saretu den arren, laguntza eskatu diete gainerako gurasoei. "Haien guztien inplikazioa behar dugu". Egokia litzateke haien esanetan, adin bereko ikaskideen multzokatze horretan, haien gurasoak hor egotea, haurrekiko duten ezagutza mailagatik hain zuzen, gogora ekarri duten moduan, beldurren kudeaketa sartzen baita Gau Beltzean. "Ez dakizu nola erreakzionatuko duten. Helduak inguruan behar dituzte".

"Beharra zela ikusten genuen"
Bigarrenez herriratuko da honenbestez, Gau Beltza Usurbilen, lankidetza marko baten baitan. Halere, badu aurrekaririk ospakizun honek, Kalezarren hain zuen. Bertako Belmonte auzo elkarteak hasitako lanketarekin ireki zen, tokiko, hau da herri honetan bertan landu, sortu eta herri honi zuzenduriko bertako Gau Beltza ospatzen hasteko ohitura. Lanketa horretara batu zen, egun, Usurbilgo hitzordua antolatzen ari den guraso taldea. "Adin bereko seme-alabak genituen. Behar bat zegoela ikusten genuen". Atzerritik heldutako ohitura indarra hartzen hasia zen inguruotan, eta alternatiba nahi eta behar zuten, tokikoa. "Saria edo ziria izeneko etxez etxeko ohitura hori beste bide batetik joatea nahi genuen", aipatu digute gurasook; "geure Arimen Gaua berreskuratu eta haurren artean ezagutarazi" nahi zuten, jada beste herri hainbatetan egiten ari ziren moduan. 

Aurrera jotzea erabaki zuten Kalezarren. Arrakasta itzela izan zuen 2022ko deialdi hark. "Iniziatiba hartuko zuen norbait falta zen. Egitea erabakitakoan, Kalezar osoa inplikatu zen"; tartean, heldu asko, lerrootako elkarrizketatuek oroitarazi digutenez. "Auzo elkartearen ilusioa, dekorazioan eginiko lana" nabarmendu digute. "Une oso politak bizi izan ziren prestaketa lanetan", auzoa harremantzen lagundu zutenak.

Egunean bertan, laburbilduz, "Kalezar itxi egin zuten". Iluntasunean barneraturiko auzo magikoan bilakarazi zuten duela lau urte. "Jarritako itxitura zeharkatuz gero, ezusteez beteriko zirkuituan sartu eta iluntasunean barneratu zintezkeen. Oso polita, misteriotsua zen. Bertako jendea sustoak eragiten aritu zen". Ez zekiten zer harrera izango zuen. Hasiera batean, 60 lagunentzako jolasak prestatuak zituzten, baina egoerak gainezka egin zien. Azkenean, euria egin arren, jendetza batu zen. "Jendeak gogotik gozatu zuen". Aitortza berezia egin nahi diete antolatzen gogotik jardundako helduei. Hitzordu hark argi azaleratu zuen gurasoon esanetan, halako ekimen baten beharra bazela herrian. 


Familia girokoa
Urtebete geroago, Kalezarko esperientzia ez zen errepikatu. Hori horrela, gurasook haien kontutik beraien adin bereko seme-alabentzat antolatu zuten aparteko Gau Beltza, bi urtez segidan. "Ardura handia zen Kalezarko dimentsioko zerbait antolatzea. Ez genuen nahikoa indar" horretarako. Baina bidea irekia zen, gogoa ere bai Gau Beltz horri segida emateko. Formatu txikiago horretan, haien kasa segi zuten ospatzen. Gurasoek eta haurrek aurrez eginiko prestaketa lanen ondotik, linternak eskuetan Aranerrekan eginiko pisten jokoan parte hartu zuten, txorimalo handi baten bueltan mozorrotu ziren... Bertan agertu zen estreinakoz, jada ezagun eginiko Hezur Lapur, ipuin bilakatua eta aurten bueltan datorrena. "Guraso baten motibazioaren islada" izan zen. Izan ere, gurasoen ekarpenetatik sortu zen hori guztia; pertsonaia sortzea, mozorroak, dekorazioa, girotzea, jolasak... Prestaketa lanetan soilik ez, familia giro beteko Gau Beltz haietan ere, helduek zuzeneko parte hartzea izan zuten. "Sustoa ematen oso ondo pasatzen da guraso bezala ere. Oso polita da", aitortu digute. Lehenbiziko urtean, hamar haurreko talde batentzat prestatu zuten ekimena; baina Usurbilera hedatu aurretik, haien maila bereko gainerako ikaskideekin ospatzera heldu ziren Gau Beltza. Gurasook, ordea, parte hartzaile ez ziren seme-alaba helduago gehiago zituzten, ospakizun horretan murgiltzeko gogo biziz zirenak. Girotze lanetan aritu ziren, "oso gustura, gazteagoak bideratu eta laguntzen", amekin eta aitekin batera.

Ekimenerako hautaturiko lekuarekin bete-betean asmatu zuten, gainera; iluntasuna berezkoa duen Aranerreka ingurua. "Ez zekiten zer gertatuko zen; zer, nondik aterako zen. Kolpetik Hezur Lapur agertu zen".


Gurasoen aktibaziorako
Guztiek gozarazten segi dutelako jarraitu zuten Gau Beltza bizitzen. Argi diote, orain herriratu bada, herri eragileen bidelaguntzari esker izan dela. Iaz eman zen urrats hori. "Elkarlanera batutako eragileek ospakizuna zabaldu beharra ikusi zuten". Hedatze lan horretan eragiten jardundakoen artean, NOAUA! K.E.-rekin, Zirimararekin, Gaztelekuarekin edota Orbeldi dantza taldekoekin batera, Udarregi ikastola dago. Ikastolako Hizkuntz Proiektuko (HIZPRO) kide eta gurasookin lankidetzan aritutako haien seme-alaben tutore izandako Ursula Zubimendik hedabide honi adierazitakoaren arabera, "Halloween estilora mozorrotuta etortzen hasi ziren, indarra hartzen ari zen". Inguruko hainbat herrietan, Gau Beltzaren ildoa jorratzen hasiak zirela ikusita, modu antolatu gabean "erreferentziak egiten hasi ginen", lekua egiten, ikastolako jardunean. 

Gurasoon dinamikaren harira, HIZPRO-n gaia jorratu eta aktibatzea erabaki zuten. Gau Beltza Usurbilen antolatzeari ekin zioten. Ikastola barruan bi norantzatan lan egin dute. Batetik, ikasgelan, ohitura hau "biziberritzen saiatu gara". Euskal ohitura gisa jorratu nahiz emozioen lanketa bideratzen dabiltza, beldurra jopuntuan izaten du eta Gau Beltzak. Horrez gain, gurasoak ere aktibatu nahian ari dira urteotan. "Ea familiak sartzea lortu eta egitasmo honek bere lekua hartzen duen Usurbilen". Desio dutena da, abiapuntua izan dadila, "euskarari eta euskal kulturari lotutako ekimenetan familien presentzia gehiago izateko eta hartara komunitatea egin eta ekintzailetasuna sustatzeko". Era berean, garai egokitzat jo dute ikastolatik, azken urtean heriotzaren pedagogiaren bueltan eginiko lanketari ere lekua egiteko Gau Beltzaren atarian.

"Mozorrotu eta etorri!"
Argi denez, herri nortasunean oinarrituriko Gau Beltza ari dira eraikitzen eragile guztiok, aurtengoan berriz ikusiko den moduan. Biziberritzen ari diren ohiturari bizirik eutsi eta hurrengo belaunaldiei transmititzen laguntzeko deia egin dute. "Sor dezagun denon artean beste herri bat Arimen Gauean. Mozorrotu eta etorri!", egin dute gonbita.