Gau Beltza

Badator Hezur Lapur, badator Gau Beltza

Noaua Aldizkaria

Prest da Usurbil, bigarren urtez segidan, Gau Beltza bizitzeko. Urriaren 31n, herria urteko gau ilunenean barneratuko da.

Beldurrei tokia egin, azaleratu, jolastu, landu eta batez ere, elkarrekin, komunitatean uxatu. Plan ezinhobea antolatu dute hainbat herri eragileek elkarlanean larunbat honetarako. Urriak 31 izango ditu, Gau Beltza ospatuko da Euskal Herriko hamaika tokitan, tartean, Usurbilen.

Iluntasunean barneratu eta lagunartean jolasteko gonbita ederra egin diete antolatzaileek, HH eta LH6 artekoei, Kalezartik hasi eta herri erdigunea inguratzen duten zelaietan. Segidan, kalejiran abiatzeko deia egin zaio Gau Beltzarekin bat egin nahi duen orori, Artzabaldik Dema plazara, Zumarte Musika Eskolako trikitilariek gidaturiko hitzorduan.

Amaiera girotua izango du ekimenak. Beldurrak erretzeko aukera izango da, jatekorik ez da faltako ezta musikarik ere herriko The Hastelen´s taldekoen eskutik.

Deialdi bikoitza egin dute Gau Beltzaren sustatzaileek; lehenbizi, parte hartu eta eguneko prestaketa lanetan parte hartzekoa; bigarrenik, mozorrotuta murgiltzekoa ate joka dugun Gau Beltzean.

Bistan denez, badator Gau Beltza, badator baita Usurbilgo belaunaldi gazteenean ezagun eginiko Hezur Lapur ere!

Gau Beltza
Urriak 31, larunbata
19:00 Gau Beltza festaren hasiera erronken guneetan.
19:00 Erronkak (maila bakoitzeko gurasoen laguntza beharko da):
HH Aranerrekan.
LH 1-2 Errekatxikin.
LH 3-4 Kalezarren, plazan.
LH 5-6 Udarregi eraikin gorriko goiko zelaian.
20:30 Kalejira Artzabaldik Dema plazara Zumarteko trikitilariekin.
Ondoren, beldurrak erre eta The Hastelen´s herriko taldearen kontzertua. Tortilla, sandwichak eta gaztaina erreak izango dira.

Zehaztasunak:
"Mozorrotuta etorri behar da. Hezur Lapur izaki misteriotsu bat da eta Gau Beltza hurbiltzen denean, bere ezkutuko zulotik irten eta Usurbilera etortzen da; itxura beldurgarria du, eta inguruan ikusten duen argia zurrupatzen du. Etxebizitzetako argiak lapurtzen hasi zen, eta kale eta etxeetako argiak bereganatzeaz gain, herritarren barruko argia, itxaropena, ametsak eta pozak lapurtzen saiatzen da. Baina guk Ilargiren laguntza izango dugu eta kantu-jolasean beldurrak uxatu eta argia berreskuratzen saiatuko gara.  “Agur beldur, agur Hezur Lapur”.
Antolatzaileak: herriko eragileak lankidetzan (Udarregi ikastola, gurasoak, NOAUA! K.E., Zirimara, Gaztelekua, Orbeldi...).