Gau Beltza

"Etor zaitez, Hezur Lapur uxatzera"

Noaua Aldizkaria

Urriaren 31rekin bueltan dator Gau Beltza Usurbila, eta harekin, Hezur Lapur. Bere pasadizoak aspaldikoak dira, larunbat gaueko ekimeneko sustatzaileek ekoitzi duten bideorako batutako lekukotzek berri eman dutenez.

Bistan denez, badator Gau Beltza, badator baita Usurbilgo belaunaldi gazteenean ezagun eginiko Hezur Lapur. Bideo bat ekoitzi dute, helduen lekukotzekin. Albiste honi atxikikota duzue. Bertan ageri direnek diote, baietz, entzunak dituztela Hezur Lapurri buruzko pasadizoak. "Txikitan esaten zidaten, ilunpetan, itzal moduan, hor ibiltzen zela", dio herrikide batek. Leihotik Andatza ingurura begira ageri den beste usurbildar batek, aiton-amonengandik jasotakoa partekatu du ikus-entzunezko horretan. "Esaten ziguten gure aiton-amonek, bazela pertsonaia bat, aurpegi ilunekoa, begi argi zuri-zuriak izaten zituena. Baso horietan bizi omen zen eta gau ilunetan azaltzen omen zen". Ikusi ez, baina beldurra sentitzen omen zuten. Ildo horri segita, beste herrikide batek dioenez, "Andatzatik barrena Usurbilera jaisten zen, iluntasuna eta tristura zabalduz". 

Dena den, beldur horri komunitatean erantzuteko formularik izaten omen zuten. "Agur beldur, agur Hezur Lapur! oihukatuz, beldurtuta joaten zen". Horretara gonbidatu gaituzte aurtengoan ere. "Etor zaitez, Hezur Lapur uxatzera". Hezur Lapur ezagutzeko eskuragarri duzue, berari buruz Carola Giraudok eta Ander Zuloagak ondu eta NOAUA! K.E. bidez argitaraturiko ipuina eskuragarri ikastetxeetan, Sutegi udal liburutegian eta kultur elkarte honen egoitzan.