Aritzetako gasolindegikoen greba, bertan behera

Noaua Aldizkaria

Argazkia: LAB.

Aritzetako Moeve gasolindegiko langileek lan-baldintzak hobetzeko greba ziklo berria abiatzekoa zuten gaur. Baina bertan behera utzi dute deialdia.

Usurbilgo erdigunetik urrun egon arren, udalerri barruan kokatua dago Aritzetako gasolindegia. Berriki bertako langileek grebara jotzea erabaki zuten berriz, lan-baldintzak hobetzea galdegiteko. Moeve gasolindegiko langileez ari gara. "Langileek hainbat hilabete daramatzate enpresaren barne ituna negoziatzen", LAB sindikatutik aurreko asteotan jakinarazi dutenez.

Aldiz, "konpainiak langileen lan-baldintzak duintzeko behar adina aurrerapauso" ez ditu eman, aipatu sindikatuaren esanetan. Ondorioz, uda partean, uztailetik irailera hiru greba ziklo egin zituzten Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileok; tartean, Aritzetako lantokikoek. Tarte horretan, "greba ziklo horien jarraipena ia erabatekoa izan da, eta horrek indartu egiten ditu langileen aldarrikapenak enpresaren aurrean".

Aipatu sindikatutik jakinarazi dutenez, ordea, "konpainiak entzungor egin die langileen aldarrikapenei". Horregatik, 48 orduko hiru greba ziklo berri bat antolatzea erabaki zuten, urriaren 27tik abenduaren 23ra arte.

"Arrazoia bat eta bakarra da"
Egunotan zehaztekoak zituzten, greba egun horietako mobilizazio nagusiak noiz eta non egingo zituzten. LAB eta ELA sindikatuak osaturiko langileen batzordetik aditzera eman dutenez, ordea, deialdi hori bertan behera uztea erabaki dute aho batez. "Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu".

Guztira, 150 langile ditu Moeve lantegiak Gipuzkoako gasolindegietan. Langileen batzordea LAB sindikatuko bost ordezkarik eta ELAko hiruk osatzen dute. "Ekintza antisindikalak baliatuta, berriz ere heldu da CCOO Moevera. Ordezkaritzarik eta inolako legitimitaterik gabe, enpresarekin hauteskundeak egitea iragarri eta oraindik indarrean dagoen Enpresa Batzordea, eta berau babesten duten langile kolektiboa, berriz ere traizionatu dituzte".

Ez da halakorik gertatzen den lehen aldia. "Uztaila erdialdean negoziazioak bertan behera uzteko saiakera egin zuen. Orduan, Moevek eta CCOOk Enpresa Batzordeari leporatu zioten CCOOren negoziazio eskubidea urratzen ari zela. Ordea, Enpresa Batzordeak gerora frogatu ahal izan zuen bezala, CCOOri ez zion negoziazio eskubiderik urratu CCOOk ez zuelako ordezkaririk enpresa batzordean. Hori gutxi ez eta, gainera, gogoratu beharra dago AEGAk, sektoreko patronalak, CCOO erosi eta CCOOk zerbitzuguneen sektoreko langileak saldu zituela duela hilabete. Izan ere, CCOOk sektorean %20,73ko ordezkaritzarekin, eragin mugatuko akordioa erdietsi zuen sektorearen gehiengo zabalak zuen borrokatzeko grina pikutara bidalita".

Testuinguru honetan, "Gipuzkoako Moeveko langileei negoziazioaren ateak itxi badizkiete ere, LABek eta ELAk osatzen duten Enpresa Batzordeak argi du hauteskundeak egiterakoan euren ordezkaritza indartuko dutela eta, Konpainiak eta CCOOk langile kolektiboa berriz ere zangotrabatu badute ere, hauteskundeak igarota, Moeveko langileek indar gehiagorekin ekingo diotela berriz enpresa paktu duina konfrontazioaren bidez negoziatzeari".