Nola hasi zinen ipuin-kontalaritzan?
Goi mailako ziklo bat ikasten ari nintzen, haur hezkuntzakoa hain zuzen ere, eta bertan ipuin-kontalaritzaren ikasgaia genuen. Hori izan zen nire lehen esperientzia ofizioarekin. Esperientzia horrek lagundu zidan oroitzapen batzuk, eta ohartu nintzen bazegoela zerbait nire izatearekin konektatzen zuena. Izan ere, iruditzen zait zorionekoak garela Euskal Herrian jaio izanagatik, eta horrelako kultura aberatsaren parte izategatik. Poliki-poliki ikusi nuen hori zela nire bidea, eta ipuinak berak eraman nau gaur egun naizen honetara.
Nolakoak dira irakurtzen dituzun ipuinak?
Denetarik dago. Aunitzetan liburua irakurri eta zerbait mugitzen didanean barrenean erabakitzen dut hori dela kontatu nahi dudan istorioa. Azkenean ez da hainbeste zer istorio mota den baizik eta istorioak zer harreman duen zurekin, zu izango baitzara ipuinaren eta publikoaren arteko zubia. Atxikimendu honengatik Euskal Herriko istorioek eta mitologiarekin lotutako istorioek kontatzeko gogoa sorrarazten didate, baina ez dute beti tradizionalak edo gure arbasoetatik datozen istorioak izan behar. Beste lekuetako istorioak izan daitezke, baina kasu horietan, gure herrira ekartzen eta gure herrian kokatzen saiatzen naiz.
Zeini bideratuak daude ipuinak?
Ipuinek ez dute adinik. Azken urteetan, kontalariok lan handia egiten ari gara, erabat infantilizatua dagoen ofizio honi bere lekua emateko. Gaur egun, inoiz baino behar gehiago dugu ipuinekin bidaiatzeko baita gure sormenari lekua emateko ere. Azken finean, ipuinak gure irudimenean eraikitzen dira eta konbentzituta nago, haurrez gain, helduek ere aunitz gozatzen dutela istorioekin. Gure borroka hori izaten da; gizartera zabaltzen saiatzea itzalpean dagoen ofizio hau, eta horrez gain, denek goza dezatela ipuinen bitartez eta gure ondarearen bitartez.
Aldaketa dago bakarrik egiten duzunean eta musikariarekin egiten duzuenean?
Lanketa desberdina da. Izan ere, musikariarekin istorioak kontatzen ditudanean bi ahots daude: hitzarena edo nirea, eta musikarena edo nire lankidearena. Musikak ere kontatzen du, eta saiatzen gara elkarrizketa hori sortzen. Bakarlari gisa noanean, esango nuke elkarrizketa nik eta isiltasunak osatzen dugula. Esango nuke esperientzia ezberdina dela, eta musikak baduela atmosfera berezi bat sortzeko gaitasuna, eramaten gaituela oroitzapen batera. Bi oso estilo berezi dira kontatzeko. Bakoitzak bere xarma du, baina nire kasuan, saio musikatuak maite ditut.
Udazkena liburutegian
Urriak 28, asteazkena
18:00 “Ameli eta Xirrikituren jostunak” ipuin kontaketa saioa, Amaia Elizagoien eta Irati Celestinoren eskutik.
Azaroak 2, astelehena
18:00 "Irakurri, zertarako?" hitzaldi-solasaldia, Yolanda Arrietarekin.
Azaroak 3, asteartea
18:00 "Pantailekin, zer egin?" hitzaldi-solasaldia, Mikel Cerezoren eskutik.
Azaroak 9, astelehena
18:30 Literatura solasaldia Alaine Agirrerekin.
Zehaztasunak: "Mintzagai izango dugun liburua, Alaine Agirreren "Euri eta ateri" izango da. Idazlea gure artean izango da. Jada eskuragarri ditugu liburutegian aipatu liburuaren hainbat ale".
Azaroak 12, osteguna
18:00 Pello Añorgaren ipuin kontaketa saioa 3-5 urtekoentzat.
Oharra: txikienak heldu batek lagunduta joatea komeni da.
Azaroak 23, astelehena
18:00 Ines Bengoaren ipuin kontaketa, 6 urtetik gorakoentzat.
Azaroak 27, ostirala
17:00 Irakurketa solasaldia 9 urtetik gorakoentzat. Yolanda Arrietaren “Mari Xor” liburua izango dute mintzagai.
Azaroak 30, astelehena
17:00 Irakurketa solasaldia 12 urtetik gorakoentzat. Euskadiko Haur eta Literatura Sariaren irabazle Yolanda Arrietaren “Zurtz” liburua izango dute mintzagai.
Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.