Hurbilago

Erosi herrian eta eskuratu urrezko piruleta sariduna

Noaua Aldizkaria

Herriko saltokietan erosketak egin eta trukean, urrezko piruleta eskura dezakezue. Adi, urrezko piruleta egokitzen bazaizue, piruleta horrek saria dakar berarekin. Abian da, Hurbilagoren kanpaina berria.

Herritik mugitu gabe, erosketak Usurbilen egiten jarraitu eta ohitura hori sendotzeko pizgarri berria aurkeztu digu Hurbilago elkarteak. Izan ere, urtean zehar hainbatetan egin ohi duen moduan, kanpaina berria abiarazi du; oraingo honetan, adi. Tokiko zerbitzu txikietan erosketak egitearen truke, piruleta bat jasoko duzue. Ondo begiratu piruleta horren koloreari; "gorria bada, dastatu eta gozatzeko" baliatu ahalko duzue. Aldiz, "urre kolorekoa egokitzen bazaizue saria dakar eta". Hurbilagok ohartarazi duenez, "denda, jatetxe, taberna bakoitzean urrezko piruleta bat egongo da. Zorte on!!".

Saria, albiste honi atxikitako herriko merkatarien elkarteak ateratako talde argazkiko oparia izango duzue; erosketak herrian erosoago egiten jarraitzeko erosketa-karroa hain zuzen.

Kanpainaren sustatzaileek zehaztu dutenez, Rolser markakoa da, edukiera handikoa, ixteko lokarri praktikoarekin eta erraz lotzeko azal-hegalarekin. Urrezko piruleta egokituz gero, "ez jan piruleta eta erosketa egin duzun komertzioan utzi, zure oparia jaso ahal izateko".

Hurbilagotik azaldu dutenez, honako hauek dira egitasmo honetan parte hartuko duten merkatariak eta ostalariak: Aizpurua Okindegia, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba, Ane Ile-Apaindegia, Artzabal Baserria-Jatetxea, Arruti Harategia, Bordatxo Taberna, Enar Estetika, Esnaola Janari-Denda, Guria Taberna, Intza Ile-Apaindegia, Iratze Natur Denda, Itzira Eraikuntzak, Laurok Liburu-Denda, Lizardi Liburu-Denda, N.I Ile-Apaindegia, Opilgoxo, Otar-Goxo, Txirristra Taberna eta Usurbil Optika.