Zuberoako ikastolak laguntzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria

Argazkia: Ikaskoli.

Zuberoako ikastolak laguntzeko aukera duzue gaurtik. Bertan ekoitzitako produktu goxoez hornituriko otarrak eska ditzakezue.

Bueltan dator, Zuberoako ikastoletako gurasoek Euskal Herriko hainbat guneetako bidelagunekin (Usurbilen, Nafartarrak taldekoen eskutik) batera sustatu ohi duten otarren kanpaina. Ekimen solidarioak Zuberoako ikastolak lagundu eta bertako ekoizpenak ezagutarazi eta dastatzeko moduan jartzea du helburu.

Gogora ekarri dutenez, "Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. Euskara hizkuntza guttiagotua da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, Ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen". Horretarako, "Zuberoan Ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko Euskal Herri osoko elkartasuna ezinbestekoa zaigu".

Ekoizleak, ikastoletako kideak
Horregatik antolatu dute beste behin, Zuberoan ekoitzitako produktu goxo askoez hornituriko otarren salmenta. "Saskiak (gazna, ahate gibel, eztia, axoa, zaltxixoi, pate, pastelak, axoa, erreximenta) bi ikastoletan dauden ekoizleeri esker osatuak dira. Lotura zuzena daukate ikastolekin : oraingo guraso eta guraso ohiak", antolatzaileen esanetan. Ekoizle txikiak dira. "Kalitate haundiko eta bertan ekoiztu mozkinak eskaintzen dituzte. Horrek, suposatzen du osagaiak aldatu daitezkela produkzioaren arabera".

Hiru otar eskuratzeko aukera izango duzue asteazken honetatik, urriaren 28tik aurrera. "Euskara susta dezagun, Zuberoako Ikastolak lagunduz!", egin dute gonbita.


Zuberoako ikastolak laguntzeko otarrak

-Pettara (52 euro): ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx sukratuak eta pastak.


-Arbaila (57 euro): eztia, bixkotx artisanalak, kilo erdiko bi ardi gazta, bixkotx gatzatuak, erreximenta, pastak eta tisana.


-Basabürüa (70 euro): mozkin biologikoz osatutako saskia (lukainka, euskal pastak, patea, eztia, piper ezti ozpina, sagar zukua eta gasna).

Eskabideak: ikaskoli.eus nahiz NOAUA! K.E. bidez egin ahalko dituzue.
Banaketa: Nafartarrak taldekoen bidez, aldaketarik ez bada, abenduaren 20ko NOAUA! K.E.-ren San Tomas azokan.
Informazio gehiagorako: ikaskoli.eus