DYA Gipuzkoak tarteka eskaintzen dituen trebakuntza saioei lotutako eskaintza berria egin dute. Izan ere, azaroaren 2tik 6ra, oinarrizko lehen sorospenei buruzko ikastaroa eskainiko dute Munalurra 26ko egoitzan, arratsaldero eta bi orduz, 18:00-20:00 artean. Teoria eta praktika uztartuko ditu. "DYAren aurrez aurreko prestakuntza honen bidez, suspertze teknikak ikasiko dituzu, baita arrisku egoera nagusien aurrean nola jardun ere, osasun zerbitzuak iritsi arte: odoljarioak, erredurak, hausturak edo eztarriak trabatzea".
Ikastaroa euskaraz eskainiko da. "Larrialdi baten aurrean jarduten ikasi nahi duten pertsonei" zuzenduta egongo da. Plaza kopurua mugatua izango denez, aurrez izena eman beharko da 943 46 46 22 telefono zenbakira deituta edo dyagipuzkoa.com atariaren bidez.
Odol-ematea
Gogoan izan, bestalde, bi hilean behin gertatu moduan, odola emateko aukera izango da datorren astelehenean, azaroaren 2an. Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak antolaturiko urteko seigarren eta azken odol-ematea izango da, 16:30-20:10 artean Udarregi ikastolako eraikin gorriko aretoan. Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
2026ko hurrengo odol-emateak
Egunak: azaroaren 2a.
Ordutegia: 16:30-20:10.
Tokia: Udarregi Ikastola.
Zehaztasunak: odola emateko bete beharreko baldintzak:
-Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.
Informazio gehiagorako: donantesdesangre.eus
Deitzailea: Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea.